Azaroaren 17an Donostiako komikigunean komikiari eskainiko diogun formazio saioan parte hartzeko izen-emate epea AZAROAREN 14ra arte zabaldu dugu. Ikastaro honetan, komikiaren alderdi didaktikoaz edota komikia oinarri hartuta haur eta gazteen irakurketa ohiturak suspertzeko estrategiez jardungo dute Amaia Serranok eta Iratxe Retolazak. Biak unibertsitateko irakasle, literatura ikertzaile eta kritikariak dira.
Helburuak
Ikastaroan izena ematen dutenek euskal komikiaren historiaren ibilbidea ezagutzea lortu nahi da batetik; bestetik, partaideak komikiaren ezaugarri artistikoez jabetzea eta komikiak literatur ohiturak suspertzeko, komunikazio-gaitasunak lantzeko eta komunikazio literarioan trebatzeko eskaintzen dituen aukerez ohartaraztea lortu nahi da.
Norentzat
Haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko kezka eta interesa duen edozein bitartekariri bideratua dago ikastaroa: irakasle, bibliotekari, guraso, hezitzaile, dinamizatzaile, sortzaile, ikerlari, irakurle…
Ikastaroan edonork parte hartu dezake. Horretarako albiste honen azpialdean dagoen izen-emate orria bete eta bidali behar da dagokion diru-sarreraren ziurtagiriarekin batera. Galtzagorriren mintegiko kideek doan parte hartu ahal izango dute eta bazkideek prezio berezia dute (40 euro).