Galtzagorri elkartearen Haur Literatura Mintegia 2007tik biltzen da hilean behin larunbat goizez, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura sailari esker. Bertako kideek haurrentzat euskaraz argitaratutako liburu guztiak irakurri eta baloratzen dituzte Imanol Mercero eta Ane Lapizondoren gidaritzapean. Eta gainera haur eta gazte literaturaren esparru ezberdinetan formazioa ere jasotzen dute.
Orain hiru urte hasi zen Galtzagorri elkartea mintegiko kide ez direnei ere formazio saio horietara joateko aukera zabaltzen. Ordutik urtean ikastaro bat edo bi antolatzen ditu.
2018an komikiari eskainiko dio formazio saio hori. Hain zuzen ere, komikiaren alderdi didaktikoaz edota komikia oinarri hartuta haur eta gazteen irakurketa ohiturak suspertzeko estrategiez jardungo dute Amaia Serranok eta Iratxe Retolazak. Biak unibertsitateko irakasle, literatura ikertzaile eta kritikariak dira.
Helburuak
Ikastaroan izena ematen dutenek euskal komikiaren historiaren ibilbidea ezagutzea lortu nahi da batetik; bestetik, partaideak komikiaren ezaugarri artistikoez jabetzea eta komikiak literatur ohiturak suspertzeko, komunikazio-gaitasunak lantzeko eta komunikazio literarioan trebatzeko eskaintzen dituen aukerez ohartaraztea lortu nahi da.
Norentzat
Haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko kezka eta interesa duen edozein bitartekariri bideratua dago ikastaroa: irakasle, bibliotekari, guraso, hezitzaile, dinamizatzaile, sortzaile, ikerlari, irakurle…
Ikastaroan edonork parte hartu dezake. Horretarako albiste honen azpialdean dagoen izen-emate orria bete eta bidali behar da dagokion diru-sarreraren ziurtagiriarekin batera. Galtzagorriren mintegiko kideek doan parte hartu ahal izango dute eta bazkideek prezio berezia dute (40 euro).
Irakasleak
Amaia Serrano Mariezkurrena (Donostia, 1984). Lehen Hezkuntzan eta Atzerriko Hizkuntzan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle izan da. Gaur egun EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Saileko irakaslea da Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Argia aldizkarirako liburu kritikak egiten ditu, eta literatura ikertzailea da.
Euskal haur eta gazte literaturaren inguruko zenbait artikulu idatzi ditu, Egungo Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia (EHU, 2011) eta Egungo euskal komikiaren historia (EHU, 2017) liburu kolektiboetarako.
Iratxe Retolaza (Donostia, 1977). Euskal Filologian lizentziatua. Literatura kritikaria eta literatura ikertzailea. EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saileko irakaslea. Literaturaren irakaskuntzaren inguruko hainbat ikastaro eskaini ditu UEUn, eta baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterretan (HUHEZIn eta UPV/EHUn).
Literatura irakasteko materialak ere osatu ditu. Euskal komikiaren ibilbide historiko laburra osatu du honako liburu honetan: Egungo euskal komikiaren historia (EHU, 2017).