Maiatzaren akaberarekin batera iritsi da amaierara aurtengo Haur eta Gazte Literatura Eskolan ikastaroa, eta azken saioan komikia izan dute hizpide. Amaia Serrano Mariezkurrena EHU-ko irakaslea izan da saioaren arduraduna oraingoan, eta haur zein gazte irakurleentzat egokiak izan daitezkeen komiki sorta zabal bat besapean hartuta etorri zen gelara.
Saioaren lehen atalean, komiki-kodearen ezaugarriak azaldu zituen Serranok: bineta motak, komiki-orriaren antolaketa, hizkuntza-kodea komikian, eta kode ikonikoak. Euskaraz sortutako edo euskarara ekarritako komikietako adibideak ekarri zituen saiora, Tigrea amesgaiztoaren kontra, Superpatata, Claude eta Morino, Pololoak trilogia eta beste hamaika liburutakoak. Obra horietan komiki-arkitektura nola erabiltzen den, eta osagai horiek zein funtzio betetzen duten aztertzeko gakoak eman zituen irakasleak: bineten koloreek duten funtzioa, bineten forma eta egiturak nola aldakorrak diren, globoen formak istorioaren tonuarekin duen lotura, eta beste hainbat alderdi. Komikiaren lengoaia ezagutzea komikiak egoki interpretatzeko beharrezkotzat dauka Amaiak, baina horrez gain komikiak sortzerakoan ere baliabideak ezagutzea lagungarri dela ekarri zuen gogora.
Eider Rodriguez eta Julen Ribasek sortutako Santa Familia aurrez irakurrita ekarri zuten ikasleek eta saioan bertan komiki hori berriro, bestelako begiz, irakurtzeko gonbita egin zien Serranok. Hirunaka edo launaka jarrita komikiaren arkitekturari erreparatu zioten eta, ondoren, obraren irakurketa partekatu zuten talde handian ikasleek. Bineta irekiek itxien aldean adierazten duten askatasun sentsazioa, koloreekin barru eta kanpoaldearen arteko kontrasteak nola markatzen diren, edo komikiak zein erreferente kulturalen oihartzunak jasotzen dituen aztertu zuten ikasleek, besteak beste. Baita arriskua, askatasuna, beldurra eta beste hainbat emozio irudien bidez nola irudikatzen diren ere.
Saioaren azken atalean, komikia irakurtzen trebatzeko jardueren ereduak partekatu zituen Amaiak ikasleekin. Lehenik, komikiaren kodea eta adierazpideak dituen ezaugarri propioak lantzeko jarduerak proposatu zituen: interpretazio ariketak edo itzulpen ariketak egin daitezkeela azaldu zuen, edo globoak eta kartutxoak kokatzeko jarduerak. Onomatopeiak sortzea ere beste aukera bat da, ikasleekin euskararen adierazkortasuna lantzeko. Komiki-arkitekturari erreparatu eta bineta-moten esanahia interpretatzeko jarduerak egin daitezkeela azaldu zuen, eta kolorearen esanahia irakurtzen ikasteko ariketak ere bai. Gaien arabera komiki-ibilbideak egin daitezkeela proposatu zuen irakasleak: naturari lotutako komikiak, nortasunaren ingurukoak, euskal kulturari buruzkoak, eta abar, eta abar.
Sinboloak irakurtzen trebatzeko jarduerak ere azaldu zituen Amaiak, sinboloak kulturalak direnez ikasi egiten baititugu, eta horretan trebatzea ere beharrezkoa dugu. Testuartekotasuna ere landu daiteke komikiak irakurtzean. Era berean, komikietatik abiatuta diziplinartekotasuna ere landu litekeela proposatu zigun irakasleak: historiaren irakurketak landu, eleberriak eta komikiak alderatu, komikiari musika jarri… Komikiak sortzeko ditugun tresnak azalduz, eta komikiaren inguruko dokumentazio-baliabideak azalduz eman zion itxiera saioari Serranok.
Eta halaxe, 15 saio emankorren ostean itxi zen ikastaroaren aurtengo edizioa, datorren urtean indar berriz itzultzeko gogoz!