Hemeroteka


Elkarbanatu
2017-04-03

"Klisk-klasikoak Bilduma" app-a sortu du Galtzagorri Elkarteak

Irakuzaletasuna sustatzeko bide berriak urratu nahian, Klis-klasikoak bildumako liburuen app-ak sortzeko egitasmoa abiarazi zuen Galtzagorri Elkarteak 2014an, eta, dagoeneko, bi app sortu ditu: Maria Goikoak Batbirulau! liburuaren app-a izan zen lehenengoa, urte hartan bertan sortu zena, eta, 2016an argitaratu zuen Klis-klasikoen bigarren app-a, Txan fantasma liburuan oinarritutakoa.

App horiek sortzearekin batera, Klis-klasikoak app-bilduma osatzeari ekin diogu eta dagoeneko "Klis-klasikoak Bilduma" izeneko app-a ere dohainik deskarga daiteke Google Play plataformatik. App hori instalatzearekin "Maria Goikoak batbirulau!" eta "Txan fantasma" app-etarako sarbide zuzena eskuratzen da. Halaber, aurrerantzean sortuko diren Klis-klasikoak liburu-bildumako app berriak ere eskainiko ditu app horrek. Modu horretan, Klis-klasikoak Bilduma deskargatua dutenek zuzenean jasoko dituzte app berrien jakinarazpenak.

Androiderako bertsioaz gain, ordenagailurako aplikazioa ere sortu dugu. Galtzagorri Elkartearen web gunean aurki daiteke sarbide zuzena, App-bilduma atalean. Ikonoa klikatzea nahikoa da bertara sartzeko eta hemendik aurrera hor topatuko ditugu bilduma honen barruan sortu diren app-een ordenagailurako bertsioak.

"Txan fantasma" app-a

Abenduan jarri zen eskuragarri "Txan fantasma" app-a, Klis-klasikoak Bildumako bigarren app-a. Maria Goikoak Batbirulau! app-arekin egin bezala, multiplataforma erako aplikazioetan egin daitezkeen proposamenik berritzaileenak eman dizkiogu honi ere, jatorrizko testuaren eta irudien garrantzia indartuz: paperaren 2 dimentsioetatik pantailaren 3 dimentsioetara egin dugu jauzi; maskota birtual bat, kantuak, puzzleak, jolas herrikoiak (esku-jolasak, gordeketan…), ipuineko pasarteekin lotutako asmakizunak, ohiko jolas digitalen egokitzapenak, sormena eta ahozkotasuna lantzeko jolasak eta abar aurki daitezke app honetan.

Jolaserako proposamen desberdinak eta nazioartean adin horietan arrakasta duten hainbat jolas-mota eskaintzen ditu "Txan fantasma" app-ak. Liburua irakurketaz gozatzeko ez ezik, jolaserako lagungarri izango da gehienetan. Hortaz, irakurketa eta ulermena lantzeko tresna ludiko erabilgarria suertatuko da maiz. Izan ere, aplikazio honek ipuineko pasarteak edo ilustrazioak oinarri dituen joko asko eskaintzen ditu. 8-12 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutakoa, baina familia osoak jolasteko modukoa.

Zaindu zure Txanmagotxia; atera Txan labirintotik; adi autotxokeetan; jolastu gordeketan; asmatu liburuari beste amaiera bat; grabatu kontakizuna zure ahotsean eta partekatu lagunekin; sartu ispiluen gelara eta barrez lehertuko zara, ausartzen bazara, zure irudia lagunekin partekatzeko aukera ere izango duzu.

App honen bidez, Klis-klasikoak app-bilduma osatzeari ekin diogu sorrerako helburuak aintzat hartuz: papera eta teknologia berriak uztartzea, tradizio eta modernitatea batzea, literaturaz eta aisialdiaz euskaraz eta euskarri teknologiko desberdinen bidez gozatzeko aukera berri bat eskaintzea gure haur eta gaztetxoei.