Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-12-11

"Kamishibaia antzezteko gida" kaleratu du EIBZk

Kamishibaia ipuinak kontatzeko teknika bat da. Japoniako tenplu budistetan sortu zen, XII. mendean. Teknika bera 1930. urte inguruan erabiltzen hasi zen berriro Japonian. Bertako filosofian dago oinarrituta: Kamishibai teknikari esker, entzuleek bizitzaren egiaren esanahia sentitu eta ipuinaren inguruan sortzen den sentimentua konpartitzeko aukera dute.

 

Noriko Matsui gida honen idazlea kamishibai egilea eta ilustratzailea da. Gainera, Nazioarteko Kamishibai Elkarteko ordezkaria da. "Kamishibaia antzezteko gida"n kamishibaia antzezteko oinarrizko aholkuak jaso ditu, galdera-erantzunen bitartez. Josu Jimenezek egin dio itzulpena.

 

 

Kamishi... zer?

Kamishibai ipuin mota ugari daude: herri-ipuinak dira batzuk, elezaharrak dira besteak, zientziarekin, egunerokoarekin, bakearekin edota ingurugiroarekin zerikusia duten kontakizunak daude. 

Kamishibai izeneko ipuin hauek kontatzeko, egurrezko egitura berezia behar da: butai izena du egitura horrek eta 34,5 zm altu eta 41,5 zm zabal du. Ipuinaren irudia agerian uzteko, butaiak dituen hiru atexkak -alde banatan eta goiko aldean- zabaldu egin behar dira. Ipuineko irudiak pasatu ahala, ahoz egiten da kontakizuna, testua irudi bakoitzaren atzeko aldean idatzita baitago. Azkar edo poliki egin daiteke; orrialde bakoitza osorik pasatu edo hurrengo irudiaren zati bat bakarrik begibistan utzi; nolanahi ere, mugimendu horiei esker bermatzen da entzuleen arreta.

 

Kamishibai teknikaren sekretu hauek guztiak erakutsi zizkien Galtzagorri Elkarteko kide zenbaiti Josu Jimenezek berak. Izan ere,  2009ko otsailean kamishibai teknikaren inguruko bi egunetako ikastaroa antolatu zuen Galtzagorri Elkarteak Donostian. Bertan, irakasle, ipuin kontalari, ilustratzaile eta abarrek parte hartu zuten.

 

Orain mintzagai dugun gida hau irakasleen prestakuntza ikastaroetan erabiltzeko asmoz ekoitzi da, irakasleek beraiek ikasgeletan teknika hau balia dezaten. Hain zuzen, Jimenezek irakasleei dozena bat kamishibai ikastaro eman die dagoeneko; zenbait kamishibai ere itzuli ditu euskarara. Bere lanaren ordainetan, irakasle askok teknika hau baliatzen dute euren ikasleekin batez ere Nafarroako ikastetxeetan. Izan ere, irakurtzeko zaletasuna sustatzeko teknika paregabea da hau. Horrez gain, Jimenez hainbat kamishibai saio eskaintzen dihardu Gipuzkoan zehar eta Euskal Herrian zehar, oro har.

 

Teknika hau ikasi nahi duenak gida eskuratu dezake Cenlit argitaletxean. Hona hemen argitaletxearekin harremanetan jartzeko bideak:

.Telefono zenbakia: 948302677

.E-posta: cenlit@teleline.es

.Interneteko ataria: www.cenlit.com