Hemeroteka

2019-03-27

Kalean da Tupust! Komiki bildumaren lehen alea

Tupust! Kolektiboa orain hiru urte jaio zen Donostian. Komigintza euskaratik eta feminismotik lantzen duen kolektiboa dugu hau, egileen arteko komunitatea, artista ezberdinen sarea, profesionalak zein amateurrak. Hiru urte horien fruitu da izen bera daraman Tupust! Komiki bildumaren (Txalaparta) lehen alea.

Lehen edizio honen gaia «Ni» da eta, ondorioz, antologia hau osatzen duten istorio guztiak gorpuzten dira niaren inguruan; komiki guztiek hitz egiten dute, era batean ala bestean, niari buruz. Irakurleek askotariko komikiak aurkituko dituzte bertan. Batzuk testuaren laguntza dute, beste batzuk soilik irudiak erabiliz eraiki dira. Batzuk bineta, marrazki eta testu asko dituzte orrialde bakoitzeko, beste orrialde batzuk irudi (mutu) bakarrarekin betetzen dira.

20 artista izan dira lehen ale honen 14 komikiei hitzak eta irudiak jarri dizkiotenak, bikoteka edo bakarkako lanean aritu direnak. Ainara Azpiazu Aduriz “Axpi”, Irati Eguren Arruti, Paula Estevez, Danele Sarriugarte & Josevisky Larratxe, Maite Caballero, Maite Gurrutxaga & Irati Jimenez, Maitane Gartziandia, Txakur Gorria, Nerea Unanua Otxoantesana & Amaia Lekunberri Ansola, Urbeltz & Etxarte, Loinaz Lekuona, Arrate Rodriguez, Eider Eibar & Miren Amuriza eta Irati F.G. & Regina Salcedo izan dira lehen edizio honetan parte hartu duten artistak, guzti hauek Amets Gurbiola Negugogorren koordinazio lanari esker.

Datorren ostiralera arte Tupust! erakusketa ikusgai egongo da Donostiako Komikigunean. Bertan bilduma osatzen duten hainbat zirriborro eta original ikusteko aukera izango da. Ostiralean erakusketa Tabakalerako Tobacco Days liburu dendara eramango dute.