Behinola aldizkariren 49. zenbakia gutunazaletan sartu eta harpidedunen etxera bidean jarri berri dugu. 2024ko bi aleak bereziak dira Galtzagorrik plazaratzen duen euskarazko haur eta gazte literatura aldizkariak 25 urte beteko dituelako. 49. Behinola erredakzio batzordeko kideok egin dugu, pentsatu, idatzi eta marraztu, den-dena. Jolaserako lizentzia hartu genuen, izengoitiak asmatu, formaz aldatu, koloreetara bihurtu. Behin itxuraldatuta, etorkizunak idatzi eta ilustratu dugu aldizkariaren ohiko egiturari eutsita. Erreportajean etorkizunaren bila joan gara liburutegi publikoetara eta kanpotik iritsi zaiguna jaso dugu; irudi bidezko narrazioa ere asmatu diogu etorkizunari. Kolaborazio berezia Piu Martinezek egin digu; jolastera gonbidatu genuen eta baiezkoa eman zigun zalantza zipitzik egin gabe. Lau Eskutara atalera ekarri ditugu Galtzagorriko bi arduradun, ez dugu haien identitatea hemen argituko, bi biribil dira, bata gorria eta beste fuksia edo, bestela esanda, Ikerne Gorritik eta Sia Bidegorrik idatzi dute etorkizunaz. Albisteak ere asmatu ditugu eta aldez aurretik aitortu dugu fake albisteak direla, eman nahiko genituzkeen albisteak direla ezkutatu gabe. Ipuin klasikoetako zenbait pertsonaiari ere, etorkizuna asmatu diegu Sormenez ataleko ipuinean.
Gehiago ere badago: liburuen iruzkinak, itzultzeko proposamenak, xehe aztertutako liburua, denbora-pasa eta ilustrazioak, gehienak Pink Biribilek egindakoak.
49. Behinola helduok egin dugu eta 50.a haurrek egitea nahi dugu. Puntu berbera jarriko diegu: etorkizuna.
Lotura honetan duzue Naiz irratiko Zebrabidea saioan jasotako Behinolaren inguruko elkarrizketa.