Hemeroteka


Elkarbanatu
2018-10-27

Juan Kruz Igerabidek irabazi du Espainiako Haur eta Gazte Literatur saria

'Abezedario titirijario (letren txotxongiloa)' liburuagatik saritu dute. Epaimahaikideek idazlearen hizkuntza poetikoa, umorea eta euskal ahozko tradizioaren oihartzuna nabarmendu dute.

Juan Kruz Igerabidek (Aduna, Gipuzkoa, 1956) Espainiako Kultura ministerioak ematen duen Haur eta Gazte Literatura saria jasoko du. Saria Denontartean argitaletxearen zigilupean argitaratutako Abezedario titirijario (letren txotxongiloa) lanagatik jasoko du. Igerabideren abezedarioa saritzerako epaimahaikideek honako ezaugarriak nabarmendu dituzte: hizkuntza poetikoa, oihartzun sinbolistak dituzten aliterazioak, nonsense umorea, absurdua, Rodari gogora ekartzen duen fantasia eta euskal ahozko tradiziotik edaten duela ere azpimarratu dute. Epaimahakide izan dira, besteak beste, Mariasun Landa eta Mari Jose Olaziregi.

Igerabidek ibilbide luzea dauka euskal letretan eta, bereziki, haur eta gazte literaturan. 1999. urtean Euskadi Saria irabazi zuen haur eta gazte literaturaren esparruan. Bularretik Mintzora entsegua idatzi zuen 1993an non ahozko tradizioa aztertu zuen. Helduentzat ere idazten du.

Ilustrazio Maria Riusek

Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala Maria Rius ilustratzaile katalanak jasoko du. Saria ematerakoan, epaimahaikideek azpimarra jarri diote Riusen ibilbide luzeari. Halaber, bere obrak denboraren muga gainditzen duela, bere ilustrazioen izaera barea dela eta ilustratzaileen kolektiboarekiko inplikazioa nabarmendu dituzte.