Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-09-13

Jokin Mitxelenaren lanak ikusteko azken egunak

Irailaren 14an, igandearekin, amaituko da Jokin Mitxelenaren erakusketa Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan liburu gehien ilustratu dituen egileetako bat da Mitxelena eta lan horren isla da Aiete Kultur Etxeko "armairuan" ikusgai dagoena.

Galtzagorri Elkarteak eta Donostia Kulturak elkarlanean sortutako egitasmoa da Ilustratzailearen Txokoa. Bertan Haur Literaturako ilustratzaileen margolanak eta objektuak jartzen dira ikusgai artista horien lanak gertutik ezagutzeko. Jokin Mitxelena izan da armairua bete duen zazpigarren ilustratzailea. Bere aurretik pasatu dira Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga eta Aitziber Alonso.

Ikasturte berriarekin, berriz, Estibalitz Jalonen lanekin gozatzeko aukera izango dugu abendura arte.