Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-12-31

Jokin Mitxelenak eta Patxi Zubizarretak irabazi dituzte 2010eko Euskadi Sariak

Donostian Kursaalean burutu zen ekitaldian jaso zuten saria Patxi Zubizarretak eta Jokin Mitxelenak hil honen 16an. Beraiekin batera zeuden baita ere Euskadi Sariko beste ataletan irabazle suertatu ziren sortzaileak: Fermin Etxegoien (Euskarazko Literatura Euskadi Saria), José Fernández de la Sota (Gaztelaniazko Literatura Euskadi Saria), Jesus Mari Mendizabal  (Euskarazko Literatura Itzulpena Euskadi Saria), Joxe Azurmendi (Euskarazko Saiakera Euskadi Saria, bere anaiak jaso zuen bere izenean) eta Miguel Sánchez-Ostiz (Gaztelaniazko Saiakera Euskadi Saria). Gaztelaniazko Haur eta Gazte Literatura Saria ordea, eman gabe, hutsik geratu zen, epaimahaiaren erabakiz. Aurten, hain zuzen, lehen aldia zen Euskadi Sarietan gaztelaniazko Haur eta Gazte Literatura saila sortzen zela.

 

Ofizio zaharrenetarikoa agian

Ilustrazio Sariak, aldiz, bigarren urtea zuen aurten. Iaz, Elena Odriozolak jaso zuen, aurten, Jokin Mitxelena ilustratzaile beteranoak. Ilustratzaile "finenen" gisan, bere ofizioa ez zela idaztea edo hitz egitea esanez desenkusatu zen lehenengo Mitxelena. Baina zinez hitz politak esan zituen eta hemen horiek irakurtzeko aukera izan dezazuen zintzilikatzen ditugu, jarraian. On egin!

 

 

Lehendakari Jauna,

Kultura Sailburu anderea,

etorri zareten guziok,

lagunok,

hemen nauzue hitz batzuekin narraskerietan. Desenkusatuko didazue, hau ez bai da nere ofizioa...

Honela nenbilela, orain dela aste pare bat edo, irratsaio batean, hitzekin narraskerietan han ere, kazetari ezagun batek, ni modu honetan ikusirik, esan zidan- kriterio onarekin- agian hobe nukela, une honetantxe, hitzak erabili beharrean marrazkiak erabiltzea. Esan nion, horrela ere izan zitekela bainan gaurkoa bi hitz esatekoa izango zela eta saiatu beharko nukela behintzat!

Eta ez zen ideia txarra izango, ez: Hor marraztuko nuke tipo bat pozik, eskerturik, bere irrifarrarekin nora begiratu ez dakiela eta harritu itxurarekin.

Jarriko nizkake honelako begi batzuek.

Harritu itxura; agian momentu horrekin inpresionatuta dagoelako edo zerbait ahaztu zaiolako? Honen inguruan, marraztuko nuke figura sail handi bat, batzuek egingo nituzke luzeak, besteak txikiak. Batzuek…tira, forma askotakoak! Hauekin, errekreatuko nintzake izugarri haien janzkiak marrazten: egingo nizkieke kolore ata tamaina guzietakoak, eleganteak eta jostarinak, loreekikiko estanpatuekin, fruta eta berdurekin, colibriak eta amurrainekin!

Bainan esan dizuet honera ez naizela marraztera etorri. Okasioa bestelakoa delako eta, gainera, marraztea eta sortzea bakarkako lanak direlako niretzat eta askorentzat. Egia esan , hemen nekez marraztuko nuke ezer tajuzkorik, honenbeste begi lagunen aurrean. Nerbioetatik jarriko nintzake eta honek ez luke ondo bukatuko. Sortzaileak bakarrik egon nahi du, bestela, ezin du. Aspalditik da hori horrela: Zertara igo behar zuen bestela Miguelangelek hain gora? zergaitik itxi behar zituen Picassok hainbeste ate bere atzetik? eta zertara sartu behar zuen kobazuloko margolariak hain barrura? Jakina; pakean uztea nahi zutelako! Eta horrela milaka urtean, ofizio zahar honetan. Zaharrenetakoa agian!

 

Hala ere, lagunok, zuek izateagatik, saiatuko nintzake ,lekutxo bat baldin banu, tipo harritua marrazten. Edo hobe: ume harritua zirriborroak marrazten. Aspaldi. Bere ondoan jarriko nituzke figura batzuek -handiak kolibiriekin, txikia amurrainekin- batak esaten diola besteari:- bainan, ume honek ez al du inoiz zirriborroa besterik egingo ? Orain pentsatzen hasia naiz ezetz, ez duela besterik egingo…

Eskerrik asko.

 

Hitza zilarrezkoa bada...

Patxi Zubizarretak ere oso hitz politak esan zituen. Besteak beste, kontatu zuen nola aurten Euskal Editoreen Elkarteak gonbidatuta Frankfurteko Azokan zegoela jakin zuen saridun zela; eta nola hantxe bertan Jokin Mitxelenarekin aspaldiko partez topo egin eta biek jakin omen zuten egun berean saria irabazia zutela... eta beste hainbat kontu polit eta xamur, "literaturaren magiatik" eta beste hainbat topikoetatik ihesi.  

Ezinezko zaigu hemen bere hitzak biltzea. Bai ordea, bere esker oneko hitzaldiaren bukaeran esan zuen esalditxoa, arabierazko ipuinak amaitzeko erabiltzen dena: Hitza zilarrezkoa bada, isiltasuna urrezkoa da.