Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-08-11

Jokin Mitxelena Ilustratzailearen Txokoan

Ekainaren 18tik irailaren 14ra Jokin Mitxelena ilustratzailearen lanek beteko dute Ilustratzailearen Txokoa, Donostiako Aiete Kultur Etxean. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan liburu gehien ilustratu dituen egileetako bat da Mitxelena eta lan horren isla iznago da Aiete Kultur Etxeko "armairuan" ikusgai dagoena.

Galtzagorri Elkarteak eta Donostia Kulturak elkarlanean sortutako egitasmo honek, hortaz, zazpigarren ilustratzaileari egingo dio leku. Jokin Mitxelenaren aurretik izan dira Ilustratzailearen Txokoan Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga eta Aitziber Alonso.

Jokin MItxelena

Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon eta bi arlotan egin du lan: batetik, irakaskuntzan eta, bestetik, Haur eta Gazte Literaturako liburuak eta testu-liburuak ilustratzen. Liburuok mundu osoko argitaletxeek argitaratu dituzte.

80ko hamarkadaren erdialdean egin zituen lehenengo lanak ilustrazioaren arloan; irakaskuntzan zebilenean ere sarritan egiten zuen lan euskarazko literaturako argitalpenetarako. Halaber, garai horretan hasi zen elkarlanean Pello Añorga idazle eta ipuin-kontalariarekin. Harrezkero, sarritan osatu dute idazle eta ilustratzaile bikotea; haurrentzako Marripuinak ere sortu zuen, ipuin-kontalari eta ilustratzaile bikotea osatuz.

1995. urtean utzi zuen irakaskuntza, Alemaniara joan zenean, hain zuzen ere. Harrezkero, ilustraziora zuzenduta dago bere lan guztia. Orain Alemanian bizi da.

Ilustratzailearen Txokoa noiz bisitatu

Aiete Kultur Etxean dago Ilustratzailearen Txokoa, liburutegiko sarrerarako bidean. Honako da ordutegia:

Asteartetik ostiralera:16:00 - 20:30

Larunbatak: 10:00 - 14:00 / 16:30 - 20:00

Igandeak: 10:00 - 14:00

Astelehenak eta jaiegunak: itxita