Ireki dugu Galtzagorri Elkartearen Irakurketa Mintegian parte hartzeko izen-ematea epea. Irakurketa Mintegia irailaren 19an hasiko da eta parte-hartzaileak hilean behin, larunbatez, elkartuko dira ekainera bitartean. Abiatu berri den ikasturtean mintegiaren bilerak Tabakaleran egingo ditugu Kutxa Fundazioak utzitako espazioan; hain zuzen, Tabakalerako Ruiz Balerdi Aretoko 4. solairuan. Mintegiaren jarduna Galtzagorriren zutabeetako bat da. Izan ere, irakurleek 2020an 0-12 urte bitarteko irakurleentzat euskaraz argitaratutako guztia irakurtzen dute. Irakurritako obren hautaketa bat egiten dute, baita liburu bakoitzaren fitxa ondu ere. Horrez gain, mintegiari lotuta formazio-saio bat eskainiko dugu azaroan.
Aurten, Covid-19ak sortuta egoera dela eta, aforoa mugatua izango da: 16 parte-hartzaile onartuko ditugu mintegian, beharrezko segurtasun neurriak bete daitezen. Parte hartu nahi duenak honakoa egin behar du:
1) Galtzagorrira deitu (943 471 487) edo gure helbide elektronikora idatzi (administrazioa@galtzagorri.eus) irailaren 16 baino lehen bere partaidetza ziurtatuz. Aurreko urteetan parte hartu dutenek ere berriz eman beharko dute izena.
2) Prestatuko den zerrendako liburuak irakurri eta horiei buruzko fitxa laburra betetzeko konpromisoa hartu.
3) Hilean behineko saioetara etortzeko konpromisoa bete.
Ireki dugu, halaber, Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketara eramango ditugun obrak aukeratzeko Hautaketa Batzordean izena emateko epea. Heldu diogu lehiaketaren prestaketa lanari eta hautaketa-batzordea osatu nahi dugu lehenbailehen. Batzordekideen eginkizuna 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta, 2020an euskaraz argitaratutako obrak irakurtzea eta kalitate literario handiena duten lauak aukeratzea da. Hautaketa batzordean Galtzagorri Elkarteko batzordeek parte hartu ahal dute. Partaideek liburu guztiak doan jasoko dituzte.
Galtzagorriko kideek eta ikastetxeek ere parte har dezakete, eta eskolako ikasleen artean irakurketa-lana eta fitxak betetzeko lana banatu ahalko dute. Are gehiago, batzordekideek beren ikasleekin esperimentatzeko aukera izango dute gustuko dituzten liburuak zein diren arakatzeko, irakasleak gazteengandik gertu baitaude.
Parte hartu nahi duenak ondorengoa egin behar du:
1) Galtzagorrira deitu (943 471 487) edo gure helbide elektronikora idatzi (administrazioa@galtzagorri.eus) irailaren 18 baino lehen bere partaidetza ziurtatuz.
2) 2020. urtean argitaratutako liburuekin osatuko dugun zerrendan dauden liburuak irakurtzeko eta zerrendatik batzordekide bakoitzari eskatuko zaizkion izenburuen inguruko fitxa laburrak betetzeko konpromisoa hartu.
3) 2021eko maiatzerako egin behar dira aurreko puntuan aipatutako lanak. Horretarako, aurrez, liburuak eta fitxa ereduak bidaliko zaizkio Batzordeko kide bakoitzari.
4) Maiatzean egingo dugun Hautaketa Batzordearen bilera bakarrera etorri.
5) Batzorde kideek irakurritako liburuak jasoko dituzte opari.
Irakurketa Mintegia eta Liburu Gazteako Hautaketa Batzordea ezinbestekoak dira Galtzagorriren urteroko jardunean. Horregatik parte hartzera animatu nahi zaitut. Edozein argibide behar izanez gero, gurekin harremanetan jartzea besterik ez duzu.