Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-11-06

"Itsaspeko bihotzak" Ondarroan

Galtzagorri Elkartearen "Itsaspeko Bihotzak" areto literarioa Ondarroako Kofradi Zaharrean izango da urriaren 26tik azaroaren 6ra. Ondarroako haurrek hezkidetza eta genero berdintasuna literaturaren bidez lantzeko aukera ematen duen aretoa ezagutzeko modua izango dute datorren astetik aurrera. 

Hezkidetza eta genero berdintasuna

Aitziber Alonsok, Mireia Delgadok eta Miren Guillok diseinatu eta zuzendutako areto honek irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, genero berdintasuna lantzea du helburu, euskarazko haur literatura oinarri hartuta.

Areto hau berritzailea da erabat. Izan ere, ez baitago Haur Literatura baliatuz genero berdintasuna lantzen duen honelako beste diziplinarteko jolasik. Aretoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker sortu zen 2014an. Baina sortzeaz gain, areto hau ahalik eta haur gehienengana hedatzeko xedez sortua denez, ibilbide luzea egin du jada: Arrasaten, Hernanin Donostian, Oñatin, Galdakaon eta Andoainen izan da dagoeneko, orain Ondarroan, eta gero Baztanen izango da.

Ikastetxeentzako saio gidatuak

Areto literario honetan saio gidatuak egiten dira 8-11 urte bitarteko haurrekin. Herri edo hiri bakoitzean gutxienez 10 saio gidatu eskaintzen dira, 25 haurrez osatutako taldeentzako. Saioak goizez izan ohi dira eta arratsaldez aretoa zabalik egon daiteke (tokian tokiko baliabideen arabera), ibilbidea modu “askean” egin nahi duten helduentzat ere.