Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-03-14

"Itsaspeko bihotzak" aretoa Eibarren izango da Emakumearen Nazioarteko Egunean

Haur eta Gazte Literatura, hezkidetza eta genero-berdintasuna uztartzen dituen "Itsaspeko bihotzak" areto literarioa Eibarren izango da martxoaren 8tik 20ra, Portalea kultur etxean. Areto literario honen bidez, genero-berdintasuna eta literatura uztartuko dira Eibarren aurtengo Emakumearen Nazioarteko Egunean. 

Aretoaz gozatzeko aukera izango dute beraz, Eibarko ikastetxeetako hainbat haurrek goizez saio gidatuak egingo baitira. 

Hezkidetza eta genero berdintasuna

Aitziber Alonso ilustratzaile eta diseinatzaileak, eta, hezkidetzan eta gener-berdintasunean aditu diren Mireia Delgadok eta Miren Guillok sortu eta zuzendutako areto honek irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, genero-berdintasuna lantzea du helburu, euskarazko haur literatura oinarri hartuta. Areto hau berritzailea da erabat. Izan ere, ez baitago Haur Literatura baliatuz genero-berdintasuna lantzen duen honelako beste diziplinarteko jolasik.

Aretoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker sortu zen 2014an. Baina ahalik eta haur gehienengana hedatzeko xedez sortua denez, herriz herri dabil eta ibilbide luzea egin du jada: Arrasaten, Hernanin Donostian, Oñatin, Galdakaon, Andoainen, Ondarroan, Baztanen (Elizondon) eta Arabako Mendialdean (Kanpezun) izan zen 2015ean. Orain, 2016ko lehen saioak egun ezin aproposagoan hasiko dira: Emakumearen Nazioarteko Egunean. Eibarren, Portalea kultur etxean, izango da ikusgai martxoaren 20a arte.

Zure herrian ere ikusi nahi duzu?

Zure herrian ere hartu nahi duzu Hezkidetza eta Genero-Berdintasuna Haur Literaturarekin uztartzen duen areto literario zoragarri hau? Informazio zabalagoa eskuratu nahi duena jar dadila harremanetan Galtzagorri Elkartearekin (galtzagorri@galtzagorri.eus edo 943471487 telefonoan). Bestela sartu Itsaspeko Bihotzak aretoaren gunean eta bertan aurkituko dituzu azalpen gehienak.