Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-10-05

"Itsaspeko bihotzak" aretoa Andoainen, Ondarroan eta Elizondon

Ikasturte berriarekin batera "Itsaspeko bihotzak" areto literarioa Euskal Herriko hainbat txokotan izango da ikusgai. Irailaren 21etik urriaren 4ra Andoaingo Bastero Kulturgunean izango da. Urriaren 26tik azaroaren 6ra Ondarroako Kofradi Zaharrean eta azaroaren 23tik abenduaren 2ra Baztango haurrentzat, Elizondoko liburutegian. Leku bakoitzean 8-11 urte inguruko haurrentzat saio gidatuak egingo dira eskola orduetan. Horrez gain, Andoainen guraso eta haurrentzako saioa egingo da urriaren 2an eta Elizondon helduentzako saio berezia abenduaren 2an, biak arratsaldeko 17:00etan izango dira.

Hezkidetza eta genero berdintasuna

Aitziber Alonsok, Mireia Delgadok eta Miren Guillok diseinatu eta zuzendutako areto honek irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, genero berdintasuna lantzea du helburu, euskarazko haur literatura oinarri hartuta. Areto hau berritzailea da erabat. Izan ere, ez baitago Haur Literatura baliatuz genero berdintasuna lantzen duen honelako beste diziplinarteko jolasik.

Aretoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker sortu zen 2014an. Baina sortzeaz gain, areto hau ahalik eta haur gehienengana hedatzeko xedez sortua denez, ibilbide luzea egin du jada: Arrasaten, Hernanin Donostian, Oñatin eta Galdakaon izan da dagoeneko, eta orain Andoainen, Ondarroan eta Baztanen izango da. 

Ibilbide pedagogiko-artistikoa

Areto literario honetan saio gidatuak egiten dira 8-11 urte bitarteko haurrekin. Herri edo hiri bakoitzean gutxienez 10 saio gidatu eskaintzen dira, 25 haurrez osatutako taldeentzako. Saioak goizez izan ohi dira eta arratsaldez aretoa zabalik egon daiteke ibilbidea modu “askean” egin nahi duten helduentzat ere.

"Itsaspeko bihotzak" aretoan gauzatzen den Ibilbide didaktikoa, itsaso batean kokaturik dauden bost gunetan oinarritzen da. Gune bakoitzean lantzen den eduki ideologikoa, artearen bitartez jasotzen dute haurrek. Ilustrazio, artisau elementu eta liburuen bidez lortuko da helburu hori eta txoko bakoitzean, modu desberdinean egingo da dagokion edukiaren lanketa: ipuintxoak kontatuz, ikus-entzunezkoak ikusiz, abestitxoak kantatuz, jolasak eginez… Hala, besteak beste, Aitziber Alonsoren lanaz gain, Elena Odriozola eta Eider Eibarren ilustrazio lanak ere bilduko ditu Itsaspeko bihotzak aretoak.

Informazio zabalagoa eskuratu nahi duena jar dadila harremanetan Galtzagorri Elkartearekin (galtzagorri@galtzagorri.eus edo 943471487 telefonoan).