Galtzagorri Elkartearen "Itsaspeko Bihotzak" areto literarioa Nafarroara iritsi da; Elizondoko Liburutegian da azaroaren 23tik abenduaren 2ra bitartean. Baztango haurrek hezkidetza eta genero berdintasuna literaturaren bidez lantzeko aukera ematen duen aretoa ezagutzeko modua izango dute datozen egunetan. Ondoren, Arabako Mendialdera gerturatuko da, Kanpezura, hain zuzen.
Hezkidetza eta genero berdintasuna
Aitziber Alonsok, Mireia Delgadok eta Miren Guillok diseinatu eta zuzendutako areto honek irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, genero berdintasuna lantzea du helburu, euskarazko haur literatura oinarri hartuta.
Areto hau berritzailea da erabat. Izan ere, ez baitago Haur Literatura baliatuz genero berdintasuna lantzen duen honelako beste diziplinarteko jolasik. Aretoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker sortu zen 2014an. Baina sortzeaz gain, areto hau ahalik eta haur gehienengana hedatzeko xedez sortua denez, ibilbide luzea egin du jada: Arrasaten, Hernanin Donostian, Oñatin, Galdakaon, Andoainen eta Ondarroan izan da dagoeneko, orain Baztanen, eta gero Arabako Mendialdean izango da.
Ikastetxeentzako saio gidatuak
Areto literario honetan saio gidatuak egiten dira 8-11 urte bitarteko haurrekin. Herri edo hiri bakoitzean gutxienez 10 saio gidatu eskaini ohi dira, gehienez 25 haurrez osatutako taldeentzako. Saioak goizez izan ohi dira eta arratsaldez aretoa zabalik egon daiteke (tokian tokiko baliabideen arabera), ibilbidea modu “askean” egin nahi duten helduentzat ere.
Zure herrian ere ikusi nahi duzu?
Zure herrian ere hartu nahi duzu Hezkidetza eta Genero Berdintasuna Haur Literaturarekin uztartzen duen areto literario zoragarri hau?
Informazio zabalagoa eskuratu nahi duena jar dadila harremanetan Galtzagorri Elkartearekin (galtzagorri@galtzagorri.eus edo 943471487 telefonoan). Bestela sartu Itsaspeko Bihotzak aretoaren gunean eta bertan aurkituko dituzu azalpen gehienak.