Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-12-20

"Itsaspeko bihotzak" Arabako Mendialdean dago ikusgai

Kanpezun, Arabako Mendialdean, dago orain Galtzagorriren "Itsaspeko bihotzak" areto literarioa; hezkidetza eta genero-berdintasuna haur literaturarekin uztartuz lantzen dituen aretoa. Mendialdeko haurrek bisita gidatuak izango dituzte antolatuta, baina helduentzat eta familientzat saio bana ere izango da. Gaur, abenduak 10, helduentzako saioa egingo da 17:00etan hasita. Abenduaren 15ean, berriz, familientzako saioa egingo da. Aretoa hilaren 17 arte egongo da ikusgai Kanpezuko ludotekan, arratsaldez.

Hezkidetza eta genero berdintasuna

Aitziber Alonso ilustratzaile eta diseinatzaileak, eta, hezkidetzan eta gener-berdintasunean aditu diren Mireia Delgadok eta Miren Guillok sortu eta zuzendutako areto honek irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, genero-berdintasuna lantzea du helburu, euskarazko haur literatura oinarri hartuta.

Areto hau berritzailea da erabat. Izan ere, ez baitago Haur Literatura baliatuz genero-berdintasuna lantzen duen honelako beste diziplinarteko jolasik. Aretoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker sortu zen 2014an. Baina ahalik eta haur gehienengana hedatzeko xedez sortua denez, herriz herri dabil eta ibilbide luzea egin du jada: Arrasaten, Hernanin Donostian, Oñatin, Galdakaon, Andoainen, Ondarroan eta Baztanen izan da, eta, orain Arabako Mendialdean dago, Kanpezun.

Zure herrian ere ikusi nahi duzu?

Zure herrian ere hartu nahi duzu Hezkidetza eta Genero-Berdintasuna Haur Literaturarekin uztartzen duen areto literario zoragarri hau? Informazio zabalagoa eskuratu nahi duena jar dadila harremanetan Galtzagorri Elkartearekin (galtzagorri@galtzagorri.eus edo 943471487 telefonoan).

Bestela sartu Itsaspeko Bihotzak aretoaren gunean eta bertan aurkituko dituzu azalpen gehienak.