Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-03-15

Irudiz Irudi eta Letren Leihotik aretoak Gipuzkoan zehar

Irudiz Irudi liburu ibiltari aretoak ilustratzaileen lana haurrei gerturatzeko helburua du. Bertan, haurrek zenbait ipuin ilustratzen dituzte, horretarako dinamizatzaile batek ilustrazio teknika ezberdinak erakusten dizkielarik. Horregatik, 20 lagunetako taldeak izaten dira areto hau bisitatzen dutenak. Talde txikiak egin behar dituelako bertako lanak. Horrez gain, bertaratzen diren haurrek hainbat album ilustratu ezagutzeko parada dute. Eta bide batez liburu bat sortzearen prozesuaz jabetzeko aukera izaten dute.

 

2011n zehar, Gipuzkoako 4 herritan izango da ikusgai eta bisitagai areto hau. Urtarrilaren 10etik 14ra hain zuzen, Eibargo liburutegian izango da. Egun horietan zehar, guztira 10 saio eskainiko ditu Miren Gonzalez pintora eta dinamizatzaileak. Martxoaren 14tik 28ra bitartean berriz, Oiartzungo liburutegian izango da aretoa. Bertan, guztira, 22 haur talde joango dira aretoa bisitatzera. Apirilaren 4tik 8ra berriz, Andoaingo liburutegian izango da aretoa eta bertan beste 10 saio egingo dira.

 

Ilustrazioa, literatura eta txotxongiloak

Aurten lehenengo aldiz, Tolosako TOPIC Txotxongiloen zentroan paratuko du Galtzagorrik areto literario bat. Hain zuzen, Irudiz Irudi Liburu Ibiltari izango da bertan egingo den aretoa. Baina, Txotxongiloen zentroa denez, bertan saio bereziak egingo dira.

Bertaratzen den haur bakoitzak txotxongilo-pertsonaia baten istorio txiki batetik abiatuta, honen itxura asmatu beharko du. Horretarako txotxongiloak egiteko teknika ezberdinak agertuko dizkie dinamizatzaileak, baita ilustratzeko teknika ezberdinak ere. Beraz, ilustratzeko teknika ezberdinak ikasteaz gain, literatura, irudimena, maketazioa eta txotxongiloak egiteko teknika ezberdinak ikasiko dituzte.

Apirilaren 11tik 15era izango da hori eta bertara Tolosaldeako 10 haur talde gerturatuko dira.

 

Letren Leihotik lehenengo aldiz Gipuzkoan

Galtzagorri Elkarteak Bizkaiko zenbait udalek (Alonsotegi, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo eta Zeberio) eta mankomunitate batek (Enkarterrikoa) eskatuta, euskal literaturaren inguruko egitasmo berritzaile eta integratzaile bat sortu zuen 2007an. Horren baitan, Letren Leihotik izeneko aretoa sortu zen. Aretoa Bizkaiko herri horietan paratu zen, baina gaur arte ez zen Gipuzkoan zehar ibilia. Horregatik, Gipuzkoako Aldundiari esker, orain, Gipuzkoako hiru herritan paratuko da.

 

Areto literario honetan elkarrekintzazko jolasak garatzen dira haurrekin batera. Bertan hainbat egitura manipulatzen dira modu ludiko bat erabiliz. Ipuinak entzun, aho-korapiloak errepikatu, olerkiak osatu, igarkizunak asmatu, elkarrizketak antzeztu…

 

Aretoaren ekintzak erruleta baten orratzen bidez egiten dira. Erruleta zein koloretan gelditzen den, kolore horri dagozkion ekintzak burutzen dira. Kolore horretako kaxa bakoitzak jolaserako proposatzen den egitura literarioa gordetzen du. Halabeharrak markatzen du, beraz, jolaserako egitura. Jolasa egin ondoren, hizki itsasgarriez egitura hori idatzi ahal izango da kolorezko leiho baten atzean dagoen imandun panelean.

Martxoaren 7tik 11ra bitartean, Ordiziako Liburutegian paratuko da eta bertan 10 saio eskainiko dira. Apirilaren 4tik 8ra berriz, Itsasondoko liburutegian izango da, beste 10 saio eskainiko direlarik. Letren Leihotik aretoa jasoko duen Gipuzkoako azken herria Pasai Antxo izango da.

 

Areto Literarioak

 Jolas literarioak dira Galtzagorriko aretoak. Ikasleek modu aktibo batean hartzen dute parte, guk proposatzen diegun jolasean. Aretoak jolas literarioak direnez, haurrak jolasaren bitartez irakurzaletu daitezen dute helburu.

Diziplina artistiko desberdinak biltzen dituzte aretoek eta horregatik hauen sorreran alor desberdinetako profesionalek hartzen dute parte: Musika, Arte Ederrak, Grafismo diseinua, DVD animazioak,... egiten dituzten artisten lankidetza barneratzen dute aretoek.

Herri eta hirietako Liburutegietan eraikitzen dira, eta eskoletako haurrak joaten dira bertako ekintza burutzera. Horretarako saio gidatuak burutzen ditu dinamizatzaile batek. Gipuzkoako Aldundiari esker, urtero, Gipuzkoako hainbat herrik jasotzen dute areto literarioa euren liburutegian.

Orain arte Galtzagorrik sortu dituen aretoak hauexek dira: