Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-01-06

Irudidunak izeneko jardunaldiak antolatu ditu Gasteizko Berdintasunerako Zerbitzuak

Gasteizko Berdintasunerako Zerbitzuak, Montehermoso Kulturunearen laguntzarekin, Irudidunak izeneko jardunaldiak antolatu ditu Gabon hauetarako. Abenduaren 11tik urtarrilaren 12ra berdintasuna eta ilustrazioa uztartzen dituen jarduerak egingo dira Montehermoso Kulturunean. Irudiak gure hezkuntzan duen garrantzia ardatz hartuta, helduei nahiz haurrei zuzendutako hainbat hitzaldi eta ilustrazio lantegi egingo dira egun horietan.

Ilustrazioaren bidez, egitasmo horrek neska eta mutilen arteko berdintasunean aurrera egitea du helburu, baita emakumeen eta gizonen berdintasunean ere. Gainera ilustratzaile askoren lana ezagutzeko aukera izango da.

Elena Odriozola eta Gustavo Puerta

Abenduaren 11n eta 12an ilustrazio lantegiak egingo dira Elena Odriozola ilustratzailearen eta Gustavo Puerta literatura kritikariaren eskutik (gaztelaniaz). Lantegi horietan ilustrazioa landuko da eta horren bidez berdintasunaren gaia sakonduko da. Goizeko saioak (10:45etik 14:00etara) profesionalentzat eta Vitoria-Gasteizko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolako ikasleentzat izango da. Arratsaldekoa (18:15etik 21:00etara), berriz, ilustratze lanetan dabiltzan gazte eta helduei eskainiko zaie, dohainik izango da eta abenduaren 9a arte dago izena emateko aukera. Parte-hartzaile kopurua 12 lagunekoa izango da gehienez.

Mikel Ayerberen hitzaldia

Abenduaren 19an, "Begiak zorrozten: genero ikuspegia album ilustratuetako irudietan" hitzaldia emango Mikel Ayerbek. UPV/EHUko Euskal Literatura Garaikideko irakaslea, literatura kritikaria eta haurrentzako literatura ilustratuan aditua da bera. Saio horretan haur literaturari buruzko adibide batzuk emateaz gain, ilustrazioek eta haurrentzako liburuek berdintasun-balioetan oinarritutako hezkuntzan neska-mutilentzat duten garrantziaz hausnartzeko bidea emango du Ayerbek. Hitzaldia doan eta gaztelaniaz izango da, 19:00etatik 21:00etara. Sarrera librea izango da, toki guztiak bete artekoa.

Gabonetan haurrentzako lantegiak

Abenduaren 21etik aurrera hainbat lantegi egingo dira haurrentzat.

Abenduaren 21ean eta 22an, esaterako, Eider Eibar ilustratzaileak eta Mikel Ayerbe literatura adituak "Animalia bat naiz eta baita zu ere!" lantegia emango dute 5 eta 8 urte bitarteko neska-mutilentzat, euskaraz eta doan.

Abenduaren 27an eta 28an, berriz, Estibalitz Jalon ilustratzailearen eskutik "Mundua beste modu batera ilustratuko dugu" lantegia egingo da, 8 eta 11 urte bitarteko neska-mutilekin, euskaraz.

Urtarrilaren 3an eta 4an, María Castelló Solbes ilustratzaileak "Zergatik gauzak beti modu berean marraztu?" lantegia emango du 8 eta 11 urte bitartekoentzat, gaztelaniaz.

Lantegi guztietan parte hartzaile kopurua 12 lagunekoa izango da gehienez. Informazio gehiago hemen eta Montehermoso Kulturunean.

Odriozolaren ilustrazioekin erakusketa

Jardunaldi hauen barruan, Elena Odriozola ilustratzaileak eta Juan Kruz Igerabide idazleak egindako Eguberria. Ohitura, kantu eta istorio liburua ardatz hartuta, Eguberria izeneko erakusketa izango da ikusgai abenduaren 13tik urtarrilaren 12ra. Bertan, liburu horretako ilustrazioak ez ezik, Odriozolak horiek prestatzeko egindako lana eta materialak ere ikusgai izango dira. Erakusketa abenduaren 13an inauguratuko da, 20:00etan.