HGL Eskolan ikastaroaren bigarren blokeari amaiera eman dio Mikel Ayerbe EHUko Letra fakultateko irakasleak eta ikertzaileak "Irakurzaletasunaren sustapena eskolan: auziak eta gatazkak" izenburupeko saioarekin. Asun Agirianok Ayerbe aurkeztu zuen EHUko irakasle soslaiari literatura kritikariarena eta bitartekariarena gehituta. Hasteko, Ayerbek ikasleei ohartarazi zien bere saiotik erantzunekin baino gehiago galderekin aterako zirela eta, hala balitz, konforme geratuko zela esanda. Izan ere, irakurzaletasunaren sustapena eta eskola lotzen dituen gaia korapilatsua da.
Saioaren lehenengo zatian hurbilketa enpiriko bat egin zuen eta eztabaida zaharra izanda ere, gaurkotasunik ez duela galdu esan zuen. Maite López Las Heras, Julen Gabiria, Jokin Lasa, Idurre Alonso, Ur Apalategi eta Iban Zalduaren artikuluak eta ikerlanak erabili zituen.
Zenbateraino dauka eskolak irakurzaletasuna sustatzeko misioa? Eskolaren barruan literatura eta hizkuntza ikasgaiak bakarrik dauka sustapen hori egiteko ardura? Hizkuntza ala literatura gailentzen da? Curriculumak irakurzaletasuna sustatzea helburu gisa jasota ere, edukietan ez al da eredu zaharraren zantzua antzematen? Ez al da irakurzaletasuna eskola orduetatik kanpo geratzen? Irakurtzen derrigortu behar al da? Irakurleak formatu ala zaletu egin behar ditu eskolak? Non daude hutsuneak? Literaturak egungo gizartean ba al du baliorik? Plazerarekin lotu beharreko jarduna da? Zaletasuna kutsatu ala irakatsi egiten da? Eskolan matematikara edo gorputz-hezkuntzara zaletu behar al dira ikasleak?
Irakurzaletasuna eskolan sustatzeko auziak galdera-marka ugari sortzen dituela agerian utzi zuen Ayerbek euskal literaturaren kanonari heldu aurretik. Euskal eta erdal literaturen artean, euskal literaturan ikasleei egiten zaien eskaintzan maila ez ote den jaisten galdetu zuen eta Iban Zalduaren ideia batzuk azaldu zituen; tartean, zaletzeko asmoarekin literatura (edozer gauza) emanda ikasleak zaletu ez eta zaletu zitezkeenak agian uxatzen dtugula adierazi zuen. Gaiak ikasleen parte-hartzea eragin zuen: Euskal Herriko egoera diglosikoa edo tokian tokiko errealitateak –Amezketa edo Basauri– aipatu zituzten, besteak beste. Edonola ere, Ayerbek esan zuen: "Zerbaitek huts egiten du euskal hiztun heldu batek erdarazko literatura bakarrik irakurtzen badu".
Irakasleek liburuak aukeratzeko eskura dituzten baliabideak erakutsi zituen jarraian, hala nola Nafarroako Gobernuak sustatutako Eskolako Literatur Kanona non maila ezberdinetarako adituek egindako proposamenak (zenbait unitate didaktikoekin) jasotzen diren eta Galtzagorri Elkarteak sortzen dituen Ezinbestekoen, Gomendagarrien eta Liburu Gaztea egitasmoaren zerrendak. Etenaren aurretik bibliodibertsitateaz (aukera, oreka eta desberdintasuna) hitz egin zuen: "Asko publikatzen da, baina antzerkia, hitzik gabeko liburuak edo liburu objektuak ez daude ia".
Amaitzeko, Ayerbek ikasleei egin beharreko ariketaren nondik norakoa azaldu zien. Irakur(za)learen (auto)biografia eskatu zien. Nahieran egin dezaketela esan zien eta, finean, "nik zergatik irakurtzen dut" edota "nondik datorkit zaletasuna" galderei erantzuteko beren barruan arakatzeko eskatu zien. Horrez gain, Iban Zalduaren "Gaixoa" ipuina (Inon ez, inoiz ez. Elkar, 2014) irakurri zuten. Ondoren, bakoitzari liburu baten titulua emateko eskatu zion eta egin beharreko ariketari lehenengo puntua jarri zioten ikasleek.
Hurrengo astean Yolanda Arrieta idazleak Haur eta gazte literatur generoak blokeari hasiera emango dio eta ahozko generoak: poesia eta antzerkia landuko ditu.