Hemeroteka

2020-03-04

Irakurzaletasuna sustatzeko lantegi praktikoak eskainiko ditugu aurten ere EAEko irakasleei Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari esker

Galtzagorri elkarteko profesionalak EAEko HH, LH eta DBHko hezkuntza zentroetara joango dira, hirugarren urtez, irakasleei lantegi praktikoak eskaintzera.

100 izen ematetik gora jaso ditugu aurten, lantegi hauen beharra dagoela argi adierazten duena, baina guztira 72 saio eskaintzeko aukera izango dugu 2020an zehar: Bizkaian, 32; Gipuzkoan 31 eta 9 Araban. Probintzia bakoitzean saio erdiak HH eta LHko irakasleei eta beste erdiak DBHkoei eskaintzea aurreikusi da.

Gurditxo batean 25 bat liburu eramango dituzte HH eta LHko eta 16 izenburu DBHko irakasleei erakusteko. Gehienak aurreko urtean EHGLan agitaratutako nobedade kalitatezkoenak. Baina tartean, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako klasiko batzuk ere erakutsiko dizkiete.

Gehienez ere bi orduz luzatuko den urteroko saio bakar batean, liburu horiek erakutsi eta hauekin landu ditzaketen estrategiez mintzatuko zaizkie irakasleei. Araba eta Bizkaiko saioak Saroa Bikandik eskainiko ditu; eta Gipuzkoakoak Intza Alkainek.

Martxoaren 16an ekingo diogu ikastetxeetako ibilbideari, Zeraingo eskolan. Martxoaren 31n Elciegora joango gara, eta apirilaren 23an izango da Bizkaiko lehen eskolaren txanda, Getxoko Andra Mari ikastetxean.

Saio guztiak irakasleentzat izango dira. Goizean, eguerdian edo arratsaldez, beraiei egokiena datorkien moduan eta eskolan bertan. Baina herri bakoitzean, udal liburutegiko langileak ere gonbidatuko dira lantegietara: hala, Udal Liburutegi eta eskolen arteko sare lana ere indartu nahi genuke.