Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-10-01

Irakurketa Kluben saioak hastera doaz

Ikasturte berriarekin batera hasiko dira Galtzagorri Elkarteak Bularretik Mintzora egitasmoaren barruan antolatzen dituen Irakuketa Klubak Euskal Herriko hainbat herritan. Irailaren 25ean hasiko dira Iurretako (Bizkaia) taldeak, urriaren 6an Errenteriakoak (Gipuzkoa), urriaren 7an Urkabustaizkoak (Araba), urriaren 10ean Ermuakoak (Bizkaia), azaroaren 14an Donostiakoak eta azaroaren 18an Oñatikoak. Datorren urteko urtarrilean hasiko dira Aretxabaletan, eta Hernanin ere egingo dira.

Horrez gain, Bularretik Mintzora egitasmoaren barruan egiten diren jardueren artean, Yolanda Arrietaren saioa izango dute Aretxabaletan urriaren 3an, eta Itziar Zubizarretarena Donostian, 2016ko apirilaren 21ean eta 22an.

Haur eta gurasoentzako klubak

Irakurketa Klubetan parte hartzen duten guraso eta haurrak elkarrekin joaten dira liburutegira, Galtzagorriko dinamizatzaile batek zuzendutako irakurketa saioetan parte hartzera.

Saio hauen helburua bikoitza da: alde batetik, gozatzeko une bat sortzen da, ipuin, kantu, olerki eta hitz jolasekin heldu eta haurrek ondo pasatu dezaten; bestetik, gurasoen prestakuntza bilatzen da. Horretarako, HGLko baliabideak erakusten dira, eta kontatzeko moduak azaltzen. Azken batean, helduak seme-alabekin literatura modu autonomoan lantzeko gai senti daitezen nahi da.

Guraso eta haurrek ekimen batzuk burutzen dituzte elkarrekin, hala nola, irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak, irakurritako liburuei buruzko komentario eta gomendioak, eta hainbat ekimen lasai liburuak ezagutuz gozatzeko eta idatzizko literaturaren curriculum bat pixkanaka osatzen hasteko.

Hona hemen, Laudioko Liburutegian hartutako irudi batzuk eta Mari Garcia dinamizatzailearen azalpenak.

Bularretik Mintzora egitasmoak haur eta gurasoentzako irakurketa kluba abiatu du from aiaraldea komunikazio leihoa on Vimeo.