Hemeroteka

Patricia Castelao ilustratzailearena da kartela.
Elkarbanatu
2008-11-12

Irakurketa Klubak jarriko dira martxan urrian EAEko bost herritan

Irakurketa Klubak deitu diegu, baina zer dira zehazki? Bada, gurasoek/hezitzaileek eta haurrek irakurketa sustatzeko ekimen batzuen inguruan hilean behin denbora konpartitzeko prestatu diren saioak. Horretarako Galtzagorri Elkarteko bi profesionalekin batera jardungo dira. Bost herri aukeratu dira egitasmo honetan parte hartzeko, hasiera batean behintzat: Galdakao, Bermeo, Markina, Araia eta Gasteiz. Hauetako bakoitzean hiru saio egingo dira, beti ere larunbat goizez, 11:00etan hasi eta 12:00ak ingurura arte.

Urriaren 4an izango da lehen saioa Galdakaoko liburutegian; urriaren 11n ekingo zaio egitasmoari Bermeon, 18an Markinan eta 25ean Araian. Gasteizen, urtarrilean hasiko dira saioak. Irakurketa Klubetan 3 eta sei urte bitarteko 20 haurrek hartu dezakete parte, horien guraso eta hezitzaileekin batera. Saio hauetan, ekimen batzuk elkarrekin burutuko dituzte. Hala nola, irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak, irakurritako liburuei buruzko komentario eta gomendioak, eta hainbat ekimen lasai liburuak ezagutuz gozatzeko eta idatzizko literaturaren curriculum bat pixkanaka osatzen hasteko.

Saioak
Egitasmo hau Itziar Zubizarretak zuzendu du. Baina saioak bi adituk gidatuko dituzte: Rai Buenok eta Miriam Mendozak. Horrela zenbaitetan taldea bitan banatu eta atentzio berezia hartuko du adin tarte bakoitzak, 3-4 urte; 5-6 urte.

Saio bakoitzean, bibliografia egoki bat aurkeztuko da eta hori eskura edukiko dute liburutegian. Liburu izar bat ere aurkeztuko da eta horri buruzko proposamenak egingo dira, talde txikitan, adinez adin betetzeko. Adin bakoitzeko liburu interesgarriak aurkeztuko dira eta horrez gain, aurretik aurkezturiko liburu komentarioak eskatuko dira, haurrei, gurasoei...

Ilustrazioei ere leku berezia egingo zaie eta nola ez ahozko kontaketak ere egingo dira. Haur poesia ere izango da beti kontuan, hitz jolasak, poemak...

Sorpresentzako lekua ere izango da, izan ere, ikuskizun xume eta motibagarri batez emango zaie bukaera Irakurketa Kluben saioei. Itzal txineskoekin osatutako ikuskizun hauek propio sortuko dituzte saio hauetarako Itziar Zubizarretak eta Dani Maizek.

Kartela
Ezkerrean duzuen kartela da Irakurketa Klubak irudikatzeko diseinatu dena. Irudia Patricia Castelao ilustratzaile galiziarrarena da.

Helburuak
Honakoak dira egitasmo berezi honekin, besteak beste, lortu nahi ditugun helburuak:

-Irakurketa sustatu

-Kalitatezko euskal bibliografia ezagutu

-Guraso/hezitzaile eta haurraren arteko irakurketa giroa sortu

-Guraso/hezitzaileak ozenki irakurtzen trebatu

-Haurrek giro lasai batean gozatu dezaten lortu