Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-09-15

Irailaren 20an hasiko da Irakurketa Mintegia

Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, urtero antolatzen duen Irakurketa Mintegia hilaren 20an jarriko da abian eta izen-emate epea irailaren 19an bukatuko da. Mintegian izena emateko ezinbesteko baldintza da Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea.

2012-2013 ikasturteaz geroztik, Imanol Mercero Haur Literatura adituak eta Ane Lapizondo irakasleak gidatuko dituzte saioak. Hiru ordukoak izaten dira eta bertan 2014an 0-12 urte bitarteko haurrentzat euskaraz argitaratu den guztia irakurtzeaz gain, balorazio irizpideak ere jasoko dituzte parte hartzaileek.

Horrez gain, saio hauetan gai jakinei buruzko formazioa ere eskaintzen du Galtzagorri Elkarteak eta ikasturte honetan honako gaiak landuko dira:

- Idazle-irakurleen arteko harreman fisiko nahiz birtualen garrantziaz. Patxi Zubizarreta, idazlea.

- Genero berdintasuna eta haur literatura. Miren Guillo, pedagogoa.

- Galera/heriotza eta Haur Literatura. Juan Karlos Alonso, psikologoa.

Ordutegia eta egutegia

Orain arte bezala, 2014-2015 ikasturtean ere, irailetik ekainera bitartean hilean behin egingo dira saioak Donostiako Haur Liburutegian Fermin Calbeton, 25 (Alde zaharra). Saioak 3 ordukoak dira: 10:00etatik 13:00etara.

Urtero bezala, Irakurketa Mintegiak hamar saio izango ditu guztira 2014-2015 ikasturtean. 2014ko irailaren 20an egingo da lehen saioa. Ondorengoak: urriaren 18an, azaroaren 15ean, abenduaren 13an, 2015eko urtarrilaren 24n, otsailaren 28an, martxoaren 21ean, apirilaren 25ean, maiatzaren 16an eta eikanaren 13an egingo dira.

Izen-ematea

Izen-emate epea irailaren 19an amaituko da eta parte hartu nahi duenak honakoa egin behar du:

1) Galtzagorrira deitu (943471487) edo gure helbide elektronikora idatzi (administrazioa@galtzagorri.eus) irailaren 19a baino lehen bere partaidetza ziurtatuz. Aurreko urteetan parte hartu dutenek ere berriz eman beharko dute izena. Gehienez, 20 lagunek parte har dezakete.

2) Prestatuko den zerrendako liburuak irakurri eta horiei buruzko fitxa laburra betetzeko konpromisoa hartu.

3) Hilean behineko saioetara etortzeko konpromisoa bete.

Ibilbide luzeko egitasmoa

Irakurketa Mintegia 2005ean sortu zen eta harrez gero urtero burutu da. Lehen ikasturtetik hona hainbat aldaketa izan ditu mintegi honek, eta urtez urte Galtzagorri Elkarteko bazkideen nahi, jakin-min eta beharretara egokitzen joan da.

Irakurketa Mintegia egitasmo estrategikoa da Galtzagorrirentzat. Izan ere, bertan egindako irakurketa eta liburuen hautaketatik elikatzen baitira gero Galtzagorriko hainbat egitasmo.

Duen garrantziaren jakitun, egitasmo hau indartzen saiatu da Galtzagorri azken urteetan. Horretarako, Itziar Zubizarretaz gain, 2009-2010. ikasturtean Mikel Ayerbe literatura kritikaria aritu zen koordinatzaile lanetan. 2011-2012 ikasturtean hiru gidari izan zituen Mintegiak: Itziar Zubizarreta bera, Jone Arroitajauregi bibliotekaria eta Imanol Mercero literatura kritikari eta dinamizatzailea. 2012-2013 eta 2013-2014 ikasturteetan, berriz, Ane Lapizondo eta Imanol Mercero izan ziren saioen gidariak eta hiru formazio saio eskaini zituzten. Ikasturte honetan ere Lapizondok eta Mercerok gidatuko dituzte saioak eta hiru formazio saio egingo dira.