Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-01-29

Ipupomamua, Haur eta Gazte literaturaz gozatzeko telebista saio berria, ETBn

Ostegunetan ETB3n 21:35ean eta ostiraletan ETB1ean 19:30ean Ipupomamua saioa ikusteko aukera izango duzue, haur eta gazte literaturako gaiak eskainiko dituen telebista saioa.

Honako hauek izango dira Ipupomamua saioaren ardatzak eta ezaugarriak:

-Helburu nagusia literaturaz gozatzeko bideak erakustea izango da eta horretarako liburu, ipuin, ahozko transmisioa eta bestelako gaiak jorratuko dituzte, iritzi arauemailerik emateko intentzio gabe. Beraz, ez dute inolako leziorik eman nahi, ez bada haur eta gazte literatura bizitzeko zenbait baliabide eskaintzea besterik. Horretarako, liburuetako ilustrazio, irakurketa eta idazketari erreparatuko dio saioak.

- Ipupomamua ez da soilik haur eta gazte literaturarekin lotura duten profesionalei zuzendua; baizik eta ipuin, liburu, irudi eta literatura zaleei zuzendua izango da, haur zein heldu izan.

-Saio guztiek gai jakin bat izango dute (txokolatea, trena, piratak, gazta eta saguak…) eta gai horren inguruko ipuinak, zine pelikulak, ilustrazioak aurkeztu edota gaiarekin zerikusia duten lekuak erakutsiko dituzte.

-Nagore Aranburu izango da Ipupomamua saioaren aurkezlea eta kolaboratzaileek garrantzia handia izango dute. Ilustrazioak aztertzeko Manu Muniategiandikoetxearen laguntza izango dute eta Andres Gostin zinemaren inguruko atalaz arduratuko da. Bestalde, literaturarekin lotura duen hainbat lagunek ere zeresana izango dute: liburuzainak, irakasleak, marrazkilariak, eskultoreak, ipuin-kontalariak…

-Saioaren grabaketa egiteko telebistako platoa oso gutxi erabiliko da eta bereziki, kultur etxe nahiz aisialdi zentroez baliatuko dira.

-Saio bakoitzak 25 minutuko iraupena izango du eta aurreneko denboraldiak 35 saio izatea aurreikusten da.

 

Ipupomamua Bernardo Atxagak asmaturiko hitz elkartua da eta bere baitan, “ipuina”, “poema”, "marrazkia" eta "mamua” hitzak gordetzen dira. Saioaren ikusleengan irakurzaletasuna sustatzea izango da beste helburuetako bat, beti ere literaturaren alderdi ludikoena landu eta ikusleengan irudimena, fantasia eta istorioak kontatzeak duen garrantzia txertatuz.