Abenduaren 17an, osteguna, Ipuin Kontalarien Maratoi Txikia egingo da Galdakaoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, Galtzagorri Elkarteak antolatuta, Galdakaoko Udaleko Euskara Arloarekin elkarlanean.
Eskola orduetan izango denez, eskolentzako saioak izango dira. Goizeko 9:30ean hasiko dira lehenengoak eta kontalari bakoitzak bina saio eskainiko ditu.
Denetariko saioak izango dira:
- "Kamishibai ipuin japoniarrak" Ines Bengoaren eskutik. Ipuin kontalariak, egurrezko kutxatxo baten barruan sartzen diren irudiez lagunduta, ipuinak kontatuko ditu.
- "Marrazki bat, esaldi bi... kontu kontari", Beatriz Egizabl eta Kontu Kantoi. Ilustrazioa eta ipuin kontaketa uztartzen duen saioa izango da, barrea eta algara ziurtatuta izango dira.
- "Hitzekin jolasten hasteko" poesia bidezko kontaketa Pello Añorgarekin. Saio honek HITZA du ardatz, eta HITZA oinarri, HITZA arnas eta HITZA giltzarri; haurrak poesiaren mundura hurbil daitezen pentsatuta dago, hots, poesiarekin sentsibiliza, goza eta dasta dezaten.
- "Bene-benetan animaliak berbetan" Oihana etxegibelen eskutik. Tituluak dioen moduan, animalien ingurukoak ekarriko dizkigu kontalari durangarrak.
Galdakaoko Euskal Liburu eta Disko Azoka igandera arte egongo da zabalik Muguru kalean jarri duten karpan. Hain zuzen, hurrengo egunean, abenduaren 18an, bertan egingo da Galdakaoko I. Booktube Lehiaketako sari-banaketa ekitaldia, goizeko 11:30ean, lehiaketan parte hartu duten gazte guztiekin batera.