Hemeroteka

2021-11-02

Iņigo Astizek eta Maite Mutuberriak gidatuko dute VI. BIKO-TEKA tailerra

Galtzagorri elkarteak seigarren urtez BIKO-TEKA tailerra egingo du Iruñeko Udalarekin elkarlanean eta Etxepare Sariaren laguntzarekin. BIKO-TEKA liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra da, non idazleak eta ilustratzaileak bikoteka lau eskutara lanean aritzen diren astebetez. Gaur bertan ireki dugu urtarrilaren 24tik 28ra Iruñean –Kondestable jauregian– egingo dugun seigarren ekitaldian parte hartzeko aukera. Izen-ematea zabalik egongo da azaroaren 26ra arte.

BIKO-TEKA tailerraren helburu nagusia haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Bai eta idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Horregatik, parte hartu nahi dutenek banaka edo bikoteka egin dezakete: bakarka aurkezten diren ilustratzaileek aurten, berrikuntza gisa, proiektu berekoak diren hiru ilustrazio aurkeztu beharko dituzte; idazleek testu labur bat. Eta bikoteek proiektuaren zirriborro bat. Parte hartzeko ez da lan argitaraturik behar izaten; alderantziz, egile berriak lehenesten dira.

Izena ematen duten sortzaileen artean zortzi ilustratzaile eta zortzi idazle aukeratuko ditugu eta bikoteka izena eman ez dutenen arteko bikoteak osatuko ditugu. Aukeratutako guztiek tailerreko formazioa jasotzeko beka bana eskuratuko dute. Hautatutako sortzaileei beranduenez abenduaren 10ean jakinaraziko diegu.

2022ko BIKO-TEKArako aukeratuak diren zortzi bikoteek, Iñigo Astiz idazlea eta Maite Mutuberria ilustratzailea izango dituzte bidelagun proiektu berrien sorreran. Album ilustratu edo nobela grafikoaren sormen-lanaz gain, hamaika ariketa egingo dituzte tailerrean arte-diziplina ugari uztartuz.

Gainera, tailerraren VI. ediziora bi editore gonbidatuko ditu Galtzagorri elkarteak BIKO-TEKAn parte hartuko duten idazle zein ilustratzaileekin solasean aritu daitezen. Hain zuzen ere, Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorea eta Inazio Mujika Ereingo editorea.

Parte hartzeko baldintzak eta informazio osoa deialdian jasota dago.