Iñaki Landa ilustratzailearen lanen erakusketa ireki dugu Aieteko Ilustratzaileen Txokoan, Donostian. Erakusketa zabalik egongo da ekainaren 12ra arte. Landak hamabost urtetik gorako ibilbidea dauka proiektuen diseinuan eta komunikazioaren esparruan, Arte Plastikoen Goi Mailako teknikaria eta 2010ean Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn. Aldizkarietan –goitibera.org eta Nontzeberri.eus, besteak beste– egin du lan eta consonni argitaletxeko eta arte ekoiztetxeko komunikazio arduraduna eta diseinatzaile grafikoa izan da.
2020tik bere kontura dabil ilustratzaile eta diseinatzaile grafiko lanetan. Bere lanetan denuntzia soziala eta autoezagutza lantzen ditu: kartelak, ilustrazioak etabar egiten ditu. Eskuzko teknikak eta digitalak erabiltzen ditu.
Erakusketa ugaritan parte hartu du, nola bakarka nahiz taldean. Azken hauen artean, Gasteizko Montehermoson egindako Haritik Zintzilik (2021); Bartzelonako Chiquita Room galerian egindako Arcana. Los secretos del tarot erakusketa (2019-2020); Donostiako Arteuparte galerian 2020an egin zen Denbora erakusketa; 2018ko Bilboko Iturfest Jaialdia eta Joan Espasa musikari eta idazlearen eleberriarentzako egindako ilustrazioekin Madrilgo Real Academia de Bellas Artes de San Fernandon (2016) eta Erromako Real Academia de Españan (2015) egindako erakusketak aipa daitezke.
Hainbat libururen ilustrazio eta azalak ere egin izan ditu: Harkaitz Canoren Kandelikara. Buñueli buruzko film baterako apunteak (Donostia Kultura eta Euskadiko Filmategia, 2021) –albiste honi laguntzen dion irudia liburuaren azaletik ateratakoa da–; Iñigo Martinez Peñaren Mandamentu hipermodernoak; edota Júlia Martí eta Zaloa Perezen Gure herrien defentsan. 20 pista merkatuak erdigunetik kentzeko (Paz con Dignidad, El Observatorio de Multinacionales en América Latina eta REAS Euskadi, 2020). Zinema munduan ere aritu da, pare bat dokumentalen kartelak ilustratu dituelarik: Lander Garrok zuzenduriko Bi urte, lau hilabete eta egun bat eta Sam Vinalek zuzendutako Berta no se murió, se multiplicó dokumentaletakoak, hain zuzen.
Ez galdu!