Ikusten dut, ikusten dut, Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literaturaren lehenengo azoka!
Osasun krisiak atzeratu zuen arren, tinko eutsi genion asmoari eta Ikusi Mikusi egin dugu azkenean, Saran, aurreko asteburuan. Ekimena Kiribil elkarteak, Pamiela argitaletxeak eta Galtzagorri Elkarteak burutu dugu elkarlanean eta, zailtasunak zailtasun, lortu dugu euskarazko haur eta gazte literaturaren lehenengo azoka egitea.
Lehenengo eguna Eskolaren Eguna izan zen eta 900 ikasle ingururen bisita jaso genuen eta ikasleak azokaren bueltan sortutako espazioetan banatu ziren. Besteak beste, honako espazioak zeuden: haur txikientzako txokoa, idazleekin eta ilustratzaileekin elkartzeko guneak, areto literarioa, nork bere liburua sortzeko gunea, app informatika gunea... Hurrengo egunean, larunbatarekin, familiak iritsi ziren Sararaino. Aurreko egunean ez bezala, larunbatean hegoaldekoak izan ziren bisitari gehienak.
Bi egunetan argitaletxeek beren standak jarri zituzten. Eskolen Egunean haurrek liburu bat aukeratu ahal izan zuten eta bonuei esker etxera eraman ere bai.
Eskerrik asko etorri zineten guztiei eta laguntza lanetan aritu zinetenei. Lehenengoa izan da baina ez da azkena izango, euskarazko haur eta gazte literaturak merezi baitu berariazko topagunea. Guk lanean jarraituko dugu!