Saran egin dugu Ikusi Mikusi euskal haur eta gazte liburuaren laugarren azoka eta pozarren itzuli gara. Aurreko ostiralean Eskolen eta Profesionalen Eguna izan zen; 1.200 haur inguru ibili ziren antolatutako tailer eta ikuskizunetan eta nork bere bonoa aukeratutako liburuagatik aldatu zuen argitaletxeek jarritako standetan. Branca konpainiaren 'Branca' ikuskizuna, Alabena konpainiaren 'Flipluf' ikuskizuna, LagunArte konpainiaren 'Mokofina' ikuskizuna, Iñaki Carreteroren kontaketak, tailerrak… Hamaika aukera izan zituzten bertaratu ziren ikasleek eta denekin gozatu zuten, irakasleek ere bai. Kanaldudek gazteek sortzaileei egin zizkieten elkarrizketak eman zituen zuzenean.
Ostiralean ere, euskal haur eta gazte literaturaren profesionalek egun osoko egitarauan parte-hartu zuten Sarako leizeetan. EHU, EKE eta BILKETArekin elkarlanean haur eta gazte literaturaren berezitasunak eta erronkak, alderdi profesionaletik, ulertzeko eguna izan zen. Sortzaile, ikerlari eta argitaldariek osatutako mahai-inguru bat ere egon zen ostiral arratsaldean azokan bertan.
Familien Eguna izan zen larunbatean eta berdin, Sara bete zuten bisitariek eta ikuskizunez gozatu.
Bi egunetan argitaletxeek beren standak jarri zituzten, eskoletan egindako lanen erakusketa ikusgai izan zen, Kilika konpainiaren txotxongilo erraldoiak, Ttipittoen xokoa eta liburu aurkezpenak egon ziren.
Mari Gorri elkartea, Pamiela argitaletxea eta Galtzagorri elkartea elkarlanean aritu dira azoka antolatzen eta, lanak lan, emaitzak asebeteta utzi gaitu eta hurrengo edizioaren bideari ekiteko gogotsu. Eskerrik asko Sarara joan zineten guztioi.