Gaurtik hasi eta irailaren 15era arte Iker Ayestaran (Donostia, 1976) ilustratzaile eta diseinatzailearen lanak izango dira ikusgai Aieteko Kultur Etxean, Ilustratzaileen Txokoan.
Diseinu grafikoa ikasi zuen Donostiako Arte aplikatuen eskolan, eta ondoren argazkilaritza Amaiurgo eskolan. Txikitatik du gustuko marraztea. Eskolako liburuak marrazkiz betetzen dituen horietakoa zen. 16 urte zituela enkargupeko erretratuak egiten hasi zen ikatz-ziri eta pastelak erabiliz.
Hastapenetik, hedabide eta bezero ezberdinentzat egin du lan baina, batez ere, prentsako artikuluak ilustratzen aritu da. Bere lanak estatu mailako egunkarietan ikus daitezke La Vanguardia, EL Correo eta Diario Públicon besteak beste, baita nazioarte mailako egunkari ezagunenetan ere: The New York Times, Fortune edo Variety egunkarietan.
Prentsan egindako lana eskola ere izan da aldi berean Ayestaranentzat, izan ere, prentsak eskatzen duen bat-batekotasunak sormena garatzen lagundu dio. Ilustratzaile kontzeptuala dela esan daiteke, irudiaren gainetik mezuari ematen baitio pisua.
Bere irudiek 60. hamarkadako estetika ekartzen dute gogora. Kolorea eta tipografia zentzu eta kontu handiz erabiltzen ditu. Testua bere eskuetara iristen denean irakurri eta ilustrazioa egiten lagundu diezaioketen hitz edo esaldiak azpimarratzen ditu. Bozeto azkarrak egiten ditu ondoren, kontzeptu bat oinarri hartuta. Aukera ezberdinak irudikatzen ditu eta gustukoen duen hori aukeratzen duenean ordenagailura eramaten du eta bertan behin betiko ilustrazioa egiten du.
Filme, laburmetrai eta jaialdi ezberdinetako kartelak (Poesia orduak 2017, Lucio, Loreak, Euskal Zine Bilera, 80 egunean…), liburuen azalak (Metamorfosia,…), liburuak (Pequeños grandes gestos por la Ciencia, La metamórfosis, Paga extra…), egunkariak (The Washington Post, The Economist, The Boston Globe, The New York Times, The Guardian, Público, La Vanguardia, El Correo,…), aldizkariak (Oxford University, Fortune mag., Variety, The Hollywood Reporter,…) eta marka irudi ezberdinak (Estrella Galicia, Fifth Leg Wine) sortu ditu Ayestaranek diseinu grafikoa eta ilustrazioa erabiliz. Ilustrazioak sortzeaz gain eskulturak ere egiten ditu egurra eta burnia erabiliz, horietako batzuk gainera, erakusleihoak apaintzeko aukeratu ditu arropa-denda kate garrantzitsu batek.
Txokoan, ilustratzailearen lanak erakutsiko dira orokorrean, eskultura, irudi, zirriborro eta liburuak besteak beste.
Erakusketa irailaren 15era arte zabalik egongo da Ilustratzaileen Txokoan.
Ordutegia:
Eskola-oporretako ordutegia: