Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-10-24

Ikasten jarraitzeko makina bat aukera daude udazkenean

Udal liburutegietako langileak, eskoletako irakasle, kudeatzaile eta liburuzainak, Hezkuntza Zientzietako ikasleak eta zaletuak formatu nahi ditu Ermuako Lobiano Kultur gunean burutuko diren "Irakurketa udalerrian: erronkak eta etorkizuna" jardunaldiek. Eskola eta Udal liburutegiek egun dituzten erronkak lantzeaz gain, egun egiten diren hainbat esperientzien berri jasoko dute bertaratzen direnek.

 

Honela, irailaren 27an, 10:30etan, Cuencako Estatuko Herri Liburutegiaren zuzendari den Begoña Marlasca Gaztela-Mantxan martxan dauden programa berritzaileez mintzatuko da. Egun berean, "Educación y Bibliotecas" aldizkariko kide Ramón Salaberriak "Udal herri liburutegia ikaskuntzen gimnasio/ariketa" hitzaldia eskainiko du. Arratsaldez, 15:30etatik aurrera, Laudioko eta Leioako Udal Liburutegietan eta Eibarko Juan San martin Liburutegian egiten diren esperientzien berri jasoko da.

Irailaren 28an berriz, Eskoletako Liburutegiak izango dira gai nagusi. Goizeko 10:45etan Carmen Carramiñana Aragoiko Eskola Liburutegien Programako Koordinatzailea eta aholkularia mintzatuko da. 11:45etatik aurrera ACEX-Bizkaia programaren lurralde-koordinatzaile Alfonso Santamariak hitz egingo du. Horrez gain, Bermeoko San Francisco LH ikastetxeko liburutegiaren, Markina-Xemeingo Herri Liburutegiaren eta bertako Bekobenta Herri Eskolaren arteko harremanen eta Bilboko Zurbaranbarri LH ikastetxeko liburutegiaren ekimenen berri ezagutu ahal izango da.

 

Bazkalostean 3 word-kafe prestatu dituzte. Guztiak ere 16:00etan hasiko dira: Alex Cosials Catalunyan egiten den eskola liburutegiaren eta herri liburutegiaren arteko lankidetzaren hainbat adibidez mintzatuko da. Aldi berean, Purificación Floresek Madrileko Villanueva de la Cañadako Udal Liburutegiaren eredua azalduko du. Eta azkenik, Merche Callabudek "Leer juntos" programaren berri emango du.

 

Istorio txikiak, mundu handiak

Bilboko Alondegian ere irakurzaletasunaren sustapenaren inguruko hainbat esperientzien berri jaso ahal izango da, esan bezala, "Pequeños lectores, grandes mundos. Istorio txikiak, mundu handiak" Ibaizabalek antolatutako jardunaldietan. 21ean inaugurazio ekitaldia burutuko dute Patxi Zubizarreta idazleak, Elena Odriozola ilustratzaileak eta Joserra Senperena pianistak, Galtzagorrik antolatuta, iluntzeko 19:00etan. 22an, goizeko 10:30etan, Gustavo Martin Garzok inaugurazio hitzaldia eskainiko du. Egun berean, 12:00etan Stuttgart-eko Liburutegi Publikoko Karin Roestlerren hitzaldia izango da eta 13:00etan Joan Portell, Kartalunyako "Municipi Lector" programako koordinatzailearena. Bitartekarien lanaren inguruan mintzatuko da azken hau.

Bazkalostean, 15:30etatik aurrera, irakurzaletasuna sustatzeko hainbat programaren berri izateko parada izango da. Besteak beste, Huescako Ballobar-en egiten duten "Leer juntos" programaren azalpenak jasoko dira, "Contomar" Galiziako programaren berri entzun ahal izango da, Joan Portell-ek Katalunyako "Municipi Lector" programaren berri emango du eta Galtzagorriren "Liburuen Altxorra" programaren funtzionamendua eta helburuak azalduko ditu Imanol Merzerok.

Azken egunean, 23an, Montse Perez eta Brenda Bellorín mintzatuko dira Haur Literatura eta Hizkuntza gutxituen inguruan. Biak ere Teresa Colomerren lankideak dira. Itxiera hitzaldia Gonzalo Mourek eskainiko du.

Bien bitartean, hiru erakusketa izango dira aldi berean Alondegian: Rebeca Dautremer eta Javier Zabalaren ilustrazioena, eta Andersen sarien hautagaien lanak biltzen dituen IBBYren erakusketa. Hauen dinamizazio saioak prestatu ditu Galtzagorrik eta haurrentzako saio gidatuak burutuko dira urriaren 15etik 29ra bitartean.

 

FIRAko bigarren jardunaldiak

 

Arestian esan moduan, urriaren 14 eta 15ean FIRAk "Irakurzaletasuna Sustatzeko Esperientziak elkar trukatzeko II. jardunaldiak" antolatu ditu. 

Horrez gain FIRAk burutzen duen "Ekin irakurtzeari!" programak curriculumaren baliabide osagarritzat eskaintzen dituen narrazio saio eta idazle eta irakurleen arteko topaketen ustiapen didaktikoen inguruan irakasleek izandako esperientziak ere aurkeztuko dira bertan. Aipatu programak 15. edizioa beteko du aurtengo ikasturtean.