Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-07-01

Ikasteko aukerak udan

German Sanchez Ruiperez Fundazioak Salamancan burutuko ditu ekainaren 2, 3 eta 4an Haur, Gazte eta Eskola Liburutegien 19. Jardunaldiak. Honako gaia landuko dute aurten hiru egunetan zehar goiz eta arratsaldez eskainiko dituzten hitzaldi eta txostenen bitartez: Bibliotekak eta eskola parte-hartzaileak. Zer gertatuko da 2.0 Unibertsoan? Egitarau osoa ikusi nahi izanez gero http://www.fundaciongsr.es/wfuns/formacion_y_extension_cultural/jornadas helbidean ikus dezakezu. Matrikulak 130 euro balio ditu eta Internetez egin daiteke aipatutako helbide berean.

 

Hik hasi proiektuak hamabigarren urtez antolatu ditu udako topaketa pedagogikoak EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailarekin lankidetzan. Uztailaren 4, 5 eta 6an burutuko dira Donostiako Santo Tomas Lizeoan, Ekintza ikastolan eta EHUko Informatika Fakultatean. Programa osoa eta matrikula egiteko aukera honako helbidean dago: www.hikhasi.com/topaketak helbidean. Dena den, aukera guztiaren artean Euskal Haur eta Gazte Literaturaren ikuspegitik, ikastaro hauek nabarmendu nahiko genituzke:

 

-Idazmena lantzen: sormena eta ekoizpena. Uztailaren 4, 5 eta 6an burutuko da. Lehenengo egunean Irune Ibarra EHUko irakasleak honako galderari erantzuteko ahalegina egingo du: "Gure gizarte honetan, eskolan zein puntura arte idatzi behar da eskuz eta/edo teklatuz?". Bigarren egunean Mikel Prieto Pedagogian doktore eta gaur egun DBHko institutu pubikoan irakasle dena "Idazketa lantzen esperientzia pertsonalen kontaketan: pentsamenduen koadernoa" izeneko lanaz mintzatuko da. Uztailaren 6an berriz, Bermeoko Eleizalde ikastolak idazmenaren lanketaren inguruko esperientzia baten berri emango du. Eta Juan Kruz Igerabide idazleak, bukatzeko, "Idazterakoan sormena nola landu" gaia azalduko du.

 

-Lumatik ahora, ipuinak izeneko ikastaroa eskainiko du Isabel Millet kontalari eta idazleak uztailaren 4, 5 eta 6an. Idatzita dagoen ipuina nola kontatu landuko du Milletek hiru egun hauetan goizez burutuko den ikastaroan.

 

-Antzerki irakasle jantziak, antzerkiaren balioak hedatzeko izeneko ikastaro teoriko-praktikoa eskainiko dute berriz Ander Lipus, Ainara Gurrutxaga eta Asier Sota aktoreek. Antzerki irakasleak trebatu nahi dira ikastaro honetan eta adin guztietako ikasleekin aritzeko ikasbideak eskaini, besteak beste.

 

Ikastaro bakoitzaren prezioa 115 eurokoa da. Harpideentzako 65 euro, langabetuentzako 65 euro. Maiatzaren 31 arte dago izena emateko aukera. Argibideak eskatzeko, dei dezakezu 943371408 zenbakira.

 

 

EHUko Ikastaroak Donostian eta Bilbon

EHUk Donostiako Miramar Jauregian burutuko du aurten Udako Ikastaroen XXX. ekitaldia. Beti bezala, eskaintza zabala plazaratu dute. Hona hemen Haur eta Gazte Literaturarekin zuzenean edo zeharka harremana izan dezaketen ikastaroetako batzuk:

-Komiki digitalaren erabilera hezkuntza zentroetan balioetan hezteko. Ikastaro hau ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean eskainiko du Jean-François Sauré Saure argitaletxeko buruak. Ikastaroan, besteak beste, komiki digitala erabiliz ikasleengana nola hurbildu landuko da eta hainbat esperientzia emango dira ezagutzera. Ikastaroa gaztelaniaz eskainiko da eta 55 euro balio ditu maiatzaren 31 baino lehen izena emanez gero.

 

-Txotxongilo antzerkia: hezkuntza baliabide bat. Idoya Oteguik eta Miguel Arreche Tolosako TOPIC txotxongiloen Nazioarteko Zentroko kideek zuzenduko dute ikastaro hau uztailaren 4an. Tolosako TOPICen bertan burutuko da. Honen helburua txotxongilo antzerkiak ikasleen aprendizaia prozesuan izan dezakeen eragina lantzea da. Haur Eskolatik hasi eta DBHra arte antzerki mota honek balio dezake ikasleak motibatu eta ikasten dutena indartzeko. 35 euro balio ditu maiatzaren 31 baino lehenago matrikula eginez gero. Gaztelaniaz izango da.

 

-Narratzearen artea: Oinarriak, gakoak eta aurkikuntzak izenburupean Luisa Etxenikek narrazioaren teknikak landuko ditu abuztuaren 23an eta 26an eskainiko duen tailerrean. Gaztelaniaz izango da eta maiatzaren 31 baino lehenago izena emanez gero, 85 euro ordaindu beharko dira.

 

-Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa (Excellence in basque studies) izenburua dute Mari Jose Olaziregiren zuzendaritzapean uztailaren 14an eta 15ean burutuko diren elkarguneak. Bertan Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzeko helburua duen Etxepare Euskal Insitutuak munduan zehar dauden unibertsitateetan egun dauden irakurleen eta etorkizunekoen formazioa sendotu nahi du eta horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo desberdinetako adituak gonbidatuta daude topaketa hauetara. Gaur egun, 25 irakurletza ditu mundu osoko 25 unibertsitatetan Etxepare Euskal Institutuak, beraz, euskara eta euskal kulturako 25 irakasle. Datozen urteetan kopuru hori gorantz joango da. Euskaraz izango da topaketa eta maiatzaren 31 arte izena emanez gero, 55 euro pagatu beharko dira.

 

-Bukatzeko kultur kudeatzaileei, komunikatzaileei, elkarteei... bideratutako beste bi ikastaro edo jardunaldi aipatuko ditugu. Bata,  e.Marketing cultural izenekoa Donostia Kulturako Jaione Askasibarrek eskainiko du abuztuaren 25ean. Victoria-Eugenia Antzokian burutuko da eta bertan egile eskubideez, software irekiez, On-line egiten diren ekitaldi kulturalez, community manager izeneko profilaz... hitz egingo da. Bestea, "Creativismo: creatividad e innovacion en las organizaciones" izenekoa Donostiako Udaleko Silvia Carballok eskainiko du. Elkarte, talde, erakunde eta abarrek eskura dituzten honako tresna estrategikoak landuko dira: sormena, imaginazioa eta berrikuntza.  Hainbat taldek euren ideia eta ekintzak azalduko dituzte eta erakunde, artista eta ekintzaileen arteko loturak bideratu ahal izateko bideak ezartzen saiatuko dira ikastaroan, besteak beste.

 

Izena emateko epea maiatzaren 2 eta 31 bitartean dago zabalik. Ekainaren 1etik aurrera berriz, %20 gehiago pagatu behar da izen-emate bakoitzarengatik. www.sc.ehu.es/cursosverano helbidean kontsultatu daitezke ikastaro guztiak eta izen-emateko aukera ere eskaintzen da. Argibideak eta izen-emateak 943219511 zenbakian eta udaikastaroak@ehu.es helbidean eska daitezke.

 

 

Bilbon berriz, EHUk XXI. aldiz burutuko ditu Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura izeneko ikastaroak. Ikastaro guztien berri www.ehu.es/bak helbidean topatuko duzu. Eskaintza zabalaren artean, hona gure iradokizuna:

 

-Euskal haur eta gazte literatura izenekoa uztailaren 6tik 8ra Bizkaia Aretoan, Jon Kortazar eta Manu Lopez Gaseni EHUko irakasleek koordinatuta. Euskaraz izango den mintegi honetan gaur eguneko Euskal Haur eta Gazte literaturari buruzko ikuspegi zabala eskainiko da. Adituekin batera, egileek beren lanen berri ere emango dute eta ikasgeletan eskaintzen ari diren esperientzia berriak ere azalduko dituzte. Matrikula epea uztailaren 4a arte dago zabalik  eta 105 euro balio ditu. Lanbagetu eta ikasleek aldiz, 52,5 euro pagatu beharko dituzte. %10eko beherapena dago izen ematea maiatzaren 31 baino lehen eginez gero.

 

-Euskal literaturaren irakurzaletasuna jorratuko du berriz Fito Bornaetxea Rodriguezek. Ekainaren 30etik uztailaren 1era arte luzatuko da ikastaroa. Bidebarrietako liburutegian egingo da eta 75 euro balio ditu ohiko matrikulak. Ikasle eta langabetuentzat aldiz, 37,5 euro. Maiatzaren 31 baino lehenago izena emanez gero, %10eko beherapena lortu ahal izango da.

 

Ikastaro hauetan izena emateko www.ehu.es/bak helbidean sar zaitezke edota  bak@ehu.es -era idatzi eta 946017143 telefonora deitu.