Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-03-22

III. Aholkularitza Jardunaldiak Liburuen Altxorreko eta Liburu Ibiltariak-eko irakasleentzat

Itziar Zubizarreta idazle, irakasle eta ipuin kontalaria eta Gurutze Aldabaldetreku Unibertsitateko irakaslea izango dira Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak izeneko programetako Aholkularitza Jardunaldietako gidariak.

 

Aurten 3. aldiz eskaintzen die Galtzagorrik irakasleei aukera hau. Lehengo bi urteetan liburutegiaren dinamizaziorako proposamenak landu ziren bereziki. Aurten berriz, liburu jakin batzuen irakurketatik abiatuko gara, gero hauen gainean irakurketa partekatzeko hainbat proposamen burutzeko: idatziz, ahoz edo beste edozein formatutan. Proposamen horiek ondoren Galtzagorrik sortu berri duen blogean zintzilikatzeko aukera dago. Modu honetan programa honetan parte hartzen duten ikastetxeek besteek zer egiten duten jakin ahal izango dute. Esperientzia ezberdinak partekatu nahi dira honela. Ikastetxe batzuek besteek irakurketa horien inguruan zein iritzi eta dinamika landu dituzten ezagutu dezaten bidea zabaldu nahi dugu.

 

Aurtengo saioak martxoaren 22an eta maiatzaren 24an izango dira Gipuzkoan; eta martxoaren 24an eta maiatzaren 26an Bizkaian. Saioak goizeko 9:30etatik 13:30etara izango dira. Lehenengo saioan liburuen aurkezpenak eta proposamenak luzatuko dira, zer egin eta nola; bigarren saioan berriz bideratu diren esperientziak aztertuko dira, ondorioak eta irakurketa irizpideak landuz. Saio hauetan landuko diren edukien bitartez honako helburuak lortu nahi dira:

-Kalitatezko liburu batzuk sakonki ezagutu.

-Irakurketa irizpideak landu.

-Ahots gorako irakurketa, motibazioa sustatzeko.

-Euskal Haur literaturaren klasiko batzuk ezagutu.

-Testuak entzun ondorengo interpretazio desberdinak bideratu: berridazketak, antzezpenak, ilustrazioak...

Guzti honetarako, aurrez liburu batzuen irakurketa egitea proposatzen da. Liburu horien izenburuak atxikitako programan aurkituko dituzue.

 

Izen ematea eta materiala

Izen emateko epea martxoaren 7an amaitzen da. Horretarako Galtzagorriko telefonora (943471487) deitu edo e-postara (galtzagorri@galtzagorri.eus) idatzi besterik ez duzue.

Jardunaldi hauetan gainera Galtzagorrik plazaratu berri duen Irakurketa eta Idazketa partekatuz liburuxka banatuko zaio parte-hartzaile bakoitzari. Liburuxka honetan, Itziar Zubizarretak irakurketa batetik abiaturik haur eta gazteekin irakurketa partekatzeko landu daitezkeen egitasmo eta saiakaera adibide ugari jaso ditu.

 

 

 

Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak

2000 / 2001az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesean, herriz herri garatzen dugun programa da, lurralde bakoitzean izen bat hartzen duelarik: Liburuen altxorra Gipuzkoan eta Liburu ibiltariak Bizkaian.

 

Egitasmoaren sorreran, liburuz beteriko kutxa handi batzuk mugitzen genituen herriz herri, eskola txikietan, dinamizazio ekimen bat burutzearekin batera. Motibazio literario bat sustatzea izan da egitasmo honen helburu nagusia, irakurzaletasuna sustatzearekin batera. Asmo hauei eutsi diegu baina helmuga berriak ezarri ditugu denborarekin, zehaztasun maila handiagoa lortzearekin batera.

 

Azken urteetan jaso ditugun datuen arabera, errealitate oso desberdinak ikusi ditugu bisitatu ditugun ikastetxeetan, eta gure egitasmoa errealitate horri egokituz Aholkularitza Zerbitzu bat antolatu genuen orain hiru urte. Irakasleen formazioa, Eskola liburutegien dinamizazioa eta liburuak baloratzeko irizpideak sustatzea dira zerbitzu honen helburu nagusiak. Honen baitan hiru funtzio betetzen ditu:

.Irakasleei dinamizazio saio bat nola antolatu erakusten ahalegindu

.Hautazko bibliografia egin, urtero berrituz.

.Irakasleentzako Aholkularitza Jardunaldiak antolatu. Hau izango da hirugarren urtea.

Blog bat jarri dugu martxan, gainera, ikastetxe bakoitzean Liburuen Altxorrean eta Liburu Ibiltariak-en egindako irakurketetan oinarrituta egiten dituzten esperientzia eta ekimenak ezagutzeko helburuz.