Hemeroteka


Elkarbanatu
2008-07-10

II. Etxepare beka eta Juul sariak

 

Etxepare Bekaren bigarren edizioaren irabazleak jakitera eman dituzte orain gutxi. Joxe Antonio Ormazabalek eta Iraia Okinak irabazi dute, hain zuzen. 18 lanen artean hautatu dute epaimahaiko kideek Zirkua amets izeneko egitasmo onirikoa.  Manu Lopez Gaseni eta Agurtzane Villate epaimahaikideek testuaren egitura zirkularrak eta ilustrazio minimalistek unibertso onirikoa "ederki" islatu dutela azpimarratu dute.

 
Udazkenean argitaratuko da Okinak eta Ormazabalek osatutako albuma, irabazi dituzten 6.000 euroak direla medio. Pamielak eta Faktoria K de Libros argitaletxe galiziarrak argitaratuko dute elkarlanean. Euskaraz, gailegoz eta gaztelaniaz aterako da kalera. Iaz Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak osatutako Gerlari Handia albuma plazaratu zen bezalaxe.

       

Edizio berrirako deialdia

Dagoeneko, gainera, III. Etxepare Beka deialdia zabaldu dute Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek.  Lanak aurkezteko epea azaroaren 28an  amaitzen da arratsaldeko 15:00etan eta Burlatako udaletxean aurkeztu beharko dira. Lehiaketa honetara haurrei zuzenduriko lan ilustratuak aurkeztu ahal izango dira soilik. Lanak euskaraz idatziak eta jatorrizkoak behar dute izan.

Juul Sariak

Nafarroako Ikastolaen Elkarteak ere banatu berri ditu Juul Sariak. Urteak daramatza Elkarteak sari hauek antolatzen. Ikastetxeetako ikasleek beraien bozekin erabakitzen dituzte kategoria bakoitzeko obra irabaleak zeintzuk diren, hainbat adituk hautatutakoen artean. Gipuzkoan Galtzagorrik burutzen duen LIburu Gaztea Sariketaren antzekoa da beraz, izan ere, ikasleek eurek erabakitzen dituzte irabazleak.

Aurten, Iruñeko Jaso ikastolan egin dute sari banaketa ekitaldia. Orduan jakin genuen Pernan Goñi, Mikel Valverde eta Jesus Lucas ilustratzaileak nagusitu direla. Eta idazleen artean, Juan Kruz Igerabidek, Iñaki Zubeldiak, Jasone Osorok eta Antton Kazabonek irabazi dituztela. Ekitaldian bertan Xabier Egañak Juul pertsonaian oinarrituta egin duen zeramikazko artelana aurkeztu zuten.