Hemeroteka


Elkarbanatu
2019-09-11

IBBYren Ohorezko Zerrendan egongo dira Patxi Zubizarretaren "Korri, Kuru, Korri!" eta Julen Gabiriak euskarara ekarritako "Coraline"

Galtzagorri Elkartea OEPLI Espainiako estatuko haur eta gazte literatura elkarteko kidea da eta haren bitartez IBBY nazioarteko esparru bereko elkartearekin elkarlanean aritzen da. Bi urtean behin Ohorezko Zerrenda osatzen du IBBYk eta bertan hizkuntza ugaritan lanean ari diren idazleen, ilustratzaileen zein itzultzaileen lanak nabarmentzen dituzte. 2020ko zerrendan sar daitezen aurkeztu dituen lanen berri eman du OEPLIk eta, Galtzagorrik egindako proposamenei esker, euskarazko bi ale daude tartean: Patxi Zubizarretaren Korri, Kuru, Korri! (Ibaizabal, 2018) lana eta Julen Gabiriak itzulitako Coraline (Elkar, 2019). Biak ala biak IBBYren Ohorezko Zerrendan egongo dira.

IBBYren zerrendan egoteak zer dakar? Katalogoko lanekin erakusketak osatzen dituzte, hala iraunkorrak nola ibiltariak. Hala, Zubizarretaren eta Gabiriaren lanak Illinois, Zurich, Tokio, Munich eta Bratislavan egongo dira erakusketa iraunkorretan eta IBBYren kongresuan osatuko duten bilduman ere bai. Halaber, hainbat erakusketa ibiltariren parte izango dira. Bi lanokin, bidenabar, euskara ere munduan zehar ibiliko da.