Hemeroteka


Elkarbanatu
2018-03-05

IBBYk aditzera eman ditu 2018ko Hans Christian Andersen Sarien finalisten izenak

H.C. Andersen Saria mundu mailan Haur eta Gazte Literaturan ematen den Sari garrantzitsuenetakoa da. Saria honen bidez euren obra osoaz haur eta gazte literaturari ekarpen garrantzitsua egin dioten idazle eta ilustratzaileei euren lanaren errekonozimendua eskaini nahi die IBBYk; ibilbide oso bat saritzen du beraz.

Azken urteetan IBBYk 5 idazle eta 5 ilustratzaile finalisten izenak ematen ditu jakitera Boloniako Azokan irabazleak zein diren aditzera eman aurretik.

2018ko Sarirako finalistak hauexek dira:

Idazleen atalean: Marie-Aude Murail (Frantzia), Farhad Hassanzadeh (Iran), Eiko Kanodo (Japonia), Joy Cowley (Zeelanda Berria) eta Ulf Stark (Suedia).

Ilustratzaileen atalean: Pablo Bernasconi (Argentina), Linda Wolfsgruber (Austria), Xion Liang (Txina), Iwona Chmielewska (Polonia), Igor Oleynikov (Errusia) eta Albertine (Suitza).

 

2018ko Andersen Sarietako epaimahaia, Patricia Aldana presidenteak eta IBBYko sekzio nazionalek proposatutako beste 10 epaimahaikidek osatu dute: Denis Beznosov (Errusia), Yasuko Doi (Japonia), Reina Duarte (Espainia), Andrej Ilc (Eslovenia), Eva Kaliskami (Grezia), Shereen Kreidieh (Libano), María Beatriz Medina (Venezuela), Yasmine Motawy (Egipto), Lola Rubio (Argentina) eta Junko Yokota (Estatu Batuak).

Hautagaiak aukeratzeko ondorengo irizpideak hartu dituzte kontuan: kalitate estetiko eta literarioa, haurraren ikuspuntutik begiratu eta bere jakin-mina pizteko gaitasuna eta haur eta gazteen alde eginiko lanaren ibilbidea.

Saridunen izenak 2018ko martxoaren 26an jakitera emango dira Boloniako Haur Liburuaren Nazioarteko Azokan. Dominak eta diplomak abuztuaren 31n IBBY-k Atenasen burutuko duen 36. Biltzarrean banatuko dira.

 

Hautagaien 15 liburu bikain

 

Aurtengoan, epaimahaiak hautagai izan diren hainbat egile eta ilustratzaileren 15 liburu bikainen zerrenda bat sortzea erabaki du, liburuen itzulpena sustatu eta hala, mundu osoko haurrek liburu hauek irakurtzeko aukera izan dezaten. Liburu horien artean dago Barro de Medellín (Alfredo Gómez Cerdá, Edelvives).

Hain zuzen ere Gómez Cerdá eta Elena Odriozola dira OEPLIk, IBBYren Espainiako atala den heinean, sari honetara aurkeztu dituen bi hautagaiak. Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak ilustrazio alorrean aurkeztutako euskal hautagaia (Elena Odriozola) izan zen beraz aukeratua. OEPLI, Estatuko lau hizkuntzetako Haur Literatura Elkarteek osatzen dute, eta beraz, horietako bat da Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea. Horregatik bi urtean behin euskal idazle eta ilustratzaileak proposatzen ditu Andersen Sarietarako Galtzagorrik.

Elena Odriozolaren lanak zeuden, beraz, Andersen Sarietako epaimahaiak aztertu dituen 365 lanen artean. Orain artean, OEPLIk hautagai bezala aurkeztu dituen Euskal ilustratzaile bakarrak Asun Balzola (1988an eta 1992an) eta Elena Odriozola (2018) izan dira. Eta idazleen alorrean aurkeztu dituen euskal hautagaiak Bernardo Atxaga (2000an) eta Mariasun Landa (2008an) izan dira. Hauetako inork ez du lortu ordea, Hans Christian Andersen saria eskuratzerik.

2018ko Andersen Sarietarako idazle eta ilustratzaile hautagaien deskribapen laburra eta gomendatutako 15 liburuen zerrenda IBBYren web gunean kontsultatu daitezke.