Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-10-21

Hogeita bat ikastetxek hartuko dute parte Book Trailer Lehiaketan

Abian da Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketaren 4. edizioa. Aurten 21 ikastetxek eman dute izena lehiaketan eta, guztira, 1.500 bat ikasle ariko dira liburuak irakurri eta haiei buruzko book trailerrak egiten datozen hilabeteetan. Lehiaketa hau Galtzagorri Elkarteak antolatzen du urtero Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, baina lurralde horretako mugetatik at ere, Bizkaiko eta Arabako ikastetxeek ere parte hartu nahi izan dute lehiaketan: Gasteizko Olabide ikastetxeak, Getxoko Julio Caro Baroja ikastetxeak, Iurretako Juan Orobigoitiak eta Abadiño BHI ikastetxeak. 

Guztien egitekoa: maila bakoitzerako proposatuako liburua irakurtzea eta horri buruzko book trailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko. Norbanakoen kategorian parte hartzeko nahikoa da azken eguna baino lehen (2016ko martxoaren 4a) book trailerra web gunera igotzea. Oinarrietan dago zehatz mehatz azalduta.

Ikasturte honetan, iaz bezala, parte hartzaileek book trailerrak nola egin eta lehiaketan nola parte hartu azaltzen duen bideo tutorial interaktibo bat dute Liburu Gaztea web gunean ikusgaia. Modu horretan, orain arte ikastetxez ikastetxe eman izan diren formazio saioetako azalpenak publiko zabalagoarengana helarazi nahi ditu Galtzagorri Elkarteak, lehiaketako partaidetza izena eman duten ikastetxeez haratagokoa baita. Oreka Interactive enpresa donostiarrak sortu zuen bideo tutorial hori Galtzagorri Elkartearekin lankidetzan.

Lehiaketaren laugarren edizioa da hau eta iaz bezala egingo da: sariak epaimahai batek erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

- IKASTETXEKA: DBH1-

DBH2: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

DBH3-DBH4: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

- NORBANAKOKA: e-reader bat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

- PUBLIKOAREN SARIA: Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko. Norbanakoen kategorian: e-reader bat

- BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

Liburu hautatuak

Ikasturte honetako Liburu Gaztea Lehiaketarako irakurgaiak dagoeneko web gunean dituzue liburu bakoitzaren unitate didaktikoekin batera. 2014an euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da Liburu Gaztea batzordeak hautatuko liburuen zerrenda mailaz maila:

- DBH-1(12-13 urte): Beti iparralderantz. Jon Arretxe. Erein, 2014

- DBH-2 (13-14 urte): Dumitru. Koldo Izagirre. Erein, 2014

- DBH-3 (14-15 urte): Neska baten hitza. Alfredo Gómez Cerdá. Itzultzailea: Aitor Arana. Ibaizabal, 2014

- DBH-4 (15-16 urte): Watsondarrak. Jane Austen. Ilustratzailea: Sara Morante. Itzultzailea: Ana Isabel Morales. Denonartean, 2014

Hortaz, DBHko maila bakoitzerako iaz argitaratutako liburu bana proposatuko zaio irakurgai moduan. Horrez gain, orain arte bezala, Ezinbestekoen zerrendatik ere hartu ahal izango da irakurgaia, maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik.

Ezinbestekoen zerrenda, literatur aditu zenbaitek osatutakoa da, gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren libururik gomendagarrienak biltzen dituena. Beraz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onen artean egin ahal izango dute irakurgaien hautua.

Iazko marka guztiak hautsi eta orain arteko book trailerrik onenak jasotzeko gogoz gaude, beraz, ANIMATU ETA PARTE HARTU!!