Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-03-23

Hilabete falta da Haur Liburuaren Boloniako Azokarako

Martxoaren 24tik 27ra egingo da Haur Liburuaren Boloniako Azoka, haurrei zuzendutako argitalpenen eta multimedia industriaren alorrean egiten den azokarik garrantzitsuenetarikoa. 20.000 metro koadroko eremua hartuko du azokak. Iaz 75 herrialdek hartu zuten parte, 1.200 postu jarri zituzten eta alor horietako 25.000 profesional erakarri zituen azokak.

Ilustratzaileentzat azoka berezia izan ohi da, izan ere, bertan ikusgai izaten den ilustratzaileen erakusketan mundu mailan berritzaileenak diren irudigileek hartu ohi dute parte.

Hemen duzue aurtengo erakusketarako hautatutako ilustratzaileen zerrenda.

Horrez gain, argitaletxeen postuak izaten dira bertaratzen diren ilustratzaileak gehien biltzen dituen gunea.

Itzultzaileen gunea

2004. urtetik Boloniako Azokak itzultzaileei eskainitako Translators Centre izeneko gune berezi bat du. Gune honetatik abiatu zen Haur Liburuen Itzultzaileen Munduko Direktorioa. Datu-base hau eskuragarri izango da azokan, bai kuntsultarako, bai direktorioari atxikitzeko. Horrez gain, itzultzaileei zuzendutako In Altre Parole lehiaketa ere antolatzen da azokaren baitan. Horrekin itzultzaile irabazleari bere burua argitaldarien artean ezagutzera emateko aukera eskaintzen zaio.

Herrialde gonbidatua

Bestalde, Boloniako Azokak urtero izaten du ohorezko herrialde gonbidatu bat eta aurtengoa Brasil da. “Ahotsez betetako lurralde bat” goiburuarekin aurkeztuko da Brasil. Horrekin Brasilgo haur eta gazte literaturan dagoen aniztasuna eta aberastasuna azpimarratu nahi dute. Herrialde gonbidatuko ilustratzaileen erakusketa ere izango da bertan. Horrez gain, Brasilgo idazle eta ilustratzaile ezagunenekin osatutako kultur egitarau zabala osatu dute.

Azokan aintzat hartzekoak

Azokara joateko asmorik baduzu, jakizu astelehenetik asteazkenera 9:00etatik 18:00etara egongo dela zabalik. Ostegunean, berriz, 9:00etatik 15:00etara. Eguneko sarrera 30€ kostatzen da. Bi egunekoa 45€ eta 4 egunekoa 65€. Internet bidez erosita, 2 egunekoa 36€ kostatzen da eta 4 egunekoa 52€.

Azokari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko Ana Garralon literatur aditu eta kritikariak duela pare bat urte bere blogean argitaraturako zenbait gomendio ekarri nahi ditugu berriro hona:

Joan aurretik: 

- Esku artean duzun proiektua erakusteko prestatu eta eraman

- Proiekturik ez baduzu, bisita edo aurkezpen-txartelak, edo zure lanen adibideak prestatu

- Karpeta edo Ipad batean eraman erakutsi nahi dituzun lanak. Ondo aukeratu eta ez eraman gehiegi.

- Web gunea edo bloga baduzu, eguneratu eta txarteletan idatzi

- Azokan horma bat izaten da iragarkiak eta kontaktuak jartzeko, eraman zurea

- Oinetako erosoak eraman

Azokan:

- Ilustratzaile asko ikusiko dituzu, baina ez pentsatu beste bat gehiago zarenik

- Hitzordurik ez baduzu, zenbait mahaitan portfolioak ikusteko ordutegiak dituzte

- Ondo ikusi dena, azoka zure lanerako inspirazio iturri izan daiteke

- Azoka erakustoki ona da joerak detektatzeko eta bogan dagoena ikusteko

- Aztertu egitaraua eta ez galdu ilustratzaileei zuzendutako hitzaldi, solasaldi eta jarduerak

- Aurtengo herrialde gonbidatua BRASIL da.

- Azoka ez da azokan amaitzen. Hirian hainbat erakusketa izaten dira.

- Lehena izan iristen eta azkena joaten, aukera guztiak baliatu zure lana ezagutzera emateko.

Ondoren:

- Jarraitu eraman duzun horretan lanean.

- Berrikusi ekarri dituzun katalogo eta txartelak

- Norbaiti zerbait bidaltzekotan geratu bazara, lehenbailehen egin

- Lagun berriei mezuren bat bidali harremana ez galtzeko

- Hasi datorren urteko azoka prestatzen

Azokako sariak

Boloniako Azokaren baitan hainbat lehiaketa antolatzen dira: Bolognaragazzi Award, Bolognaragazzi Digital Award, itzultzaileei zuzendutako In Altre Parole saria, eta haurren museoei eskainitako The Children’s Museum Award.

Bolognaragazzi sariak lau kategoria izan ditu 2014ko sariak: Fikzioa, Ez Fikzioa, Horizonte berriak eta Opera Prima. Guztira, 42 herrialdetako 77 argitaletxek aurkeztutako 1081 lan aurkeztu dira sarira eta hauek izan dira irabazleak.

Hirugarren urtez jarraian antolatzen da Bolognaragazzi Digital Award izeneko saria. Bertan, haurrei zuzendutako argitalpen digitalak saritzen dira. Hauek dira aurtengo irabazleak.

The Children’s Museum Award sariak Aurten bigarren edizioa du. Museoen Europako Akademiak eta Hands On! International, Haurren Mueseoen Elkarteak antolatzen dute. Aurten 15 hautagai hauen artean banatuko da saria:

Spielzeug Museum, Salzburg (Austria)

Manitoba Children’s Museum, Winnipeg (Canada)

MACHmit! Museum für Kinder, Berlin (Germany)

Mathematikum Giessen e.K., Giessen (Germany)

KINDEROLYMP at Altonaer Museum, Hamburg (Germany)

Children’s Museum Jordan, Amman (Jordan)

Archeon, Roman Villa Rijswijk, Alphen aan den Rijn (The Netherlands)

Drents Archief – Operatie Sigismund, Assen (The Netherlands)

Beeld en Geluid Experience, Hilversum (The Netherlands)

Maritiem Museum Rotterdam, Rotterdam (The Netherlands)

Dick Bruna Huis, Centraal Museum, Utrecht (The Netherlands)

Gallery of Matica Srpska, Novi Sad (Serbia)

Lill-Skansen, Stockholm (Sweden)

Naturmuseum Thurgau, Frauenfeld (Switzerland)

Please Touch Museum, Philadelphia (USA)