Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-12-24

HGL eta genero-berdintasunari buruzko monografikoa

Kalean da Behinolaren 32. zenbakia. Haur eta Gazte Literatura eta genero-berdintasunari buruzko monografikoa osatu dugu oraingoan. Jendartean, hezkuntzan eta literaturan geroz eta lupa handiagoz behatzen ari garen gaia ekarri nahi izan dugu Behinola honetara. Hezkidetzak eta genero berdintasunak Haur eta Gazte Literaturan duen lekuaz, izan duenaz edo hartu beharko lukeenaz hainbat gogoeta eta artikulu interesgarri bildu ditugu. Bazkide edo harpide bazara, etxean jasoko duzu laster. Bestela, ohiko liburu-dendatan izango da salgai urtarriletik aurrera.

Hasteko, Victoria Fernandez literatura adituak gaiari buruz idatzitako Niñas (Mayoría o minoría) artikulua euskarara ekarri dugu zenbaki monografiko honetan, kokatzen lagun gaitzan.

Bada, hain justu, Fernandezek aipatzen dituen zenbait joeraz solasean jardun dugu Haur eta Gazte Literatura eta genero berdintasunaz egin dugun mahai-inguruan. Luxua izan da Amelia Barquín, Gema Lasarte eta Miren Guillo adituak solaskide izatea, ekarpen interesgarriz bete baitizkigute Behinola honetako orririk gehienak. Baina ez guztiak, noski. 

Beti bezala, oparitxoa erdi-erdian aurkituko duzu oraingoan ere: Amets-harrapaitzailea. Antxiñe Mendizabalek idatzi eta Ainara Azpiazu “Axpi”k ilustratu dute Sormenez atala. Zuretzat da, beraz, gogoak ematen badizu, askatu grapak eta atera aldizkaritik.

Iruzkinen atalera Galtzagorri Elkartearen “Itsaspeko bihotzak” areto literarioa osatzen duen liburu-zerrendako zenbait titulu ekarri ditugu, Behinolako erredakzio taldeko kideek iruzkinduta. Hezkidetza eta genero berdintasuna aintzat hartzen duten literatura irakurgaiez bete dugu atala. Iruzkindu ez ditugun asko –zerrenda luzea baita- horien jarraian osatu dugun liburu-zerrendan aurkituko dituzu. Bibliografia zinez interesgarria da Miren Guillok eta Mireia Delgadok “Itsaspeko bihotzak” aretorako osatu zutena, etxeko, ikastetxeko edota liburutegiko apaletan izan beharreko irakurgaiz josia dago eta urte sasoi honetako beste zenbait zerrenda osatzen lagunduko dizu, agian…

Gaiaren inguruko gogoetak eta iritziak dira nagusi zenbaki honetan. Hala datoz Asun Agirianok eta Gustavo Puertak “Lau eskutara” atalean idatzitako Adela Turinen inguruko artikuluak ere. Idazle italiarrak 70 hamarkadan Haur Literaturaren barruan genero berdintasunerako bidean egindako ekarpenaz dihardute, begi kritikoz eta bakoitza oso begirada desberdinaz. Biak irakurtzeak zer pentsatua emango dizu, ziur.

Bestalde, Galtzagorri Albiste atala, elkartearen 25. urteurreneko ospakizun ekitaldien argazkiz bete dugu: Ipuin Kontalarien Maratoia, Ilustratzaileen Enlante Dramatizatua eta Urteurren Festa.

2016a, 26 urterekin hasiko dugu orain arte bezala Haur eta Gazte Literatura eta irakurketa sustatzeko etengabeko lanean.