Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-03-13

HGL Eskolan ikastaroaren zazpigarren ekitaldia: haur-poesia

Yolanda Arrieta idazleak gidatu zuen HGL Eskolan ikastaroaren zazpigarren ekitaldia. Generoen blokeari haur -poesiarekin hasiera eman zion, hala ahozko tradizioko testu poetikoekin nola tradizio idatziko haur poesiarekin. Ikasgelako mahai bat liburuz bete zuen Arrietak, eta den-denak haur-poesia liburuak ziren. Hasteko, konjuru bat balitz bezala, adi-adi eta lekuan jartzeko ikasleak, kantatutako errezitaldi laburra egin zuen. Ametsari buruz eta ahotsari buruz aritu zen idazlea eta, ahotsa tarteko, ikasleak ere kantuan jarri zituen.

"Hitzaren musika berreskuratu behar dugu. Ahotsa lehen hitza da. Lehenengo liburua ahotsa da. Ahotsa hitz gorpuztua da. Ahotsak hitzei musika eta erritmoa jartzen die". 

Ikasleak poesiaren eremuan sartuta zeuden jada. Umeekin jolastu beharra aldarrikatu zuen Arrietak, "hitzaren usaina, alderdi jolastia, musika... Hor dago hazia". Ariketak egin zituen, ugari, ikasleekin. Onomatopeiak eskuarekin adierazi aurrena eta ahotsarekin ondoren. Hala, tradiziozko poesia mota nagusiak aletu zituen, izan askoz gehiago badirela ohartaraziz. Dekorazio olerkiak, ipuin erritmikoak eta dramatizazioak azaldu zituen; guztiak, adibideekin.

Dekorazio olerkien muina edertasunari oihartzun egitea da: lo-kantak, gorputza-jolas, zotz-formulak, egoerak aldatzeko konjuru gisakoak, aho-korapiloak, asmakizunak, errimak, esaerak... Zerrenda luzea da. Ipuin erritmikoak ahapaldiekin osatzen dira, ahapaldiak elkar lotzen dira hitzak makulu gisa erabilita. Dramatizazioak elkarrizketa laburrak dira non erritmoa eta errimak ezinbestekoak diren. 

Arrietak idatzizko haur poesiari heldu zion jarraian. Aurrez, haurrek atsegin duten generoa izanda ere, bitartekariek gutxi erabiltzen dutela esan zuen. XXI. mendeko euskal haur poesiaren gailur gisa aurkeztu zuen Juan Kruz Igerabideren Begi-niniaren poemak. Halaber, beste hainbat sortzaileren lanak erakutsi zizkien ikasleei; besteak beste, Ilbetea dilindan, Jon Suarezena. Haur poesiak euskal sistema literarioan urte askoan ez duela toki nabarmenik izan adierazi zuen, eta orain halako berpiztea bizi duela erantsi zuen Arrietak. Batik bat, ilustratzaileen eta idazleen arteko elkarlana gero eta oparoagoa delako.

Ikasgelan haur-poesia erabiltzeko hainbat proposamen eginda amaitu zuen idazleak bere jarduna. Hitza gorputzera ekarri, diskurtsoa musikatu, hitza jolas bihurtu, formula zaharrei hitz berriak ipini, dagoeneko idatzita dauden poemen antzekoak asmatu, antzerkia egitera jolastu, emozioak frogatu, poemak errezitatzerakoan tempoak eta arnasak antolatu edota mezuak helarazten trebatu.

Ariketa ugari egin zituen Arrietak ikasleekin, eta jardun haien guztien bitartez haur poesia ikasgeletara eramateko erremintak eskura jarri zizkien. Idazleak haur-poesiaren aldarria egin zuen. Hitzak plastilinaren modukoak direla esan zuen, hasieran gogorrak, baina hamaika baliabide eman zizkien hitzak bigundu eta jolas nahiz kantu artean haurren arreta bereganatzeko, eta, poesia ahoan eta gorputzean, haurrekin jolas dezaten. Bide batez, ariketaz ariketa Yolanda Arrietak ikasleen arreta harrapatu zuen eta, ikasgelan, saioan zehar, irriak ugarituz joan ziren ikasleen aurpegietan.

Coronavirusak sortutako egoera dela eta, HGL Eskolan ikastaroaren martxoaren 26ko Yolanda Arrietaren "Ahozko tradizioko ipuinak. Ipuin-kontaketak" aurrez aurreko saioa bertan behera geratu da. Irakasleak saioa era ez-presentzialean egiteko moduak aztertzen ari dira.