Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-03-06

HGL Eskolan ikastaroaren seigarren ekitaldia: Irakurzaletasuna eta heziketa literarioa

Alex Gurrutxaga EHUko Gasteizko Irakasle Eskolako irakasleak irakurzaletasuna eta heziketa literarioa mintzagai hartu zituen HGL Eskolan ikastaroaren seigarren ekitaldian. Gurrutxagaren xedea, saio guztian zehar, askotan errepikatu eta ontzat ematen diren baieztapenak auzitan jartzea izan zen; alegia, ikasleak xaxatu zituen ontzat emanda dagoena zalantzan jar dezaten. Finean, eta Gurrutxagak ikastaroan erabilitako esamoldea erabilita, bitartekariak "lokatzetara jaitsi" behar dira, zeren hautuak, pentsatu baino gehiagotan, ideologikoak baitira.

Saioaren atariko gisa, Gianni Rodari idazle italiarra jaio zela ehun urte betetzen diren honetan, hari omenaldia egin zion Gurrutxagak. "Brif, bruf, braf" Rodariren ipuina irakurri zien ahots goran, non adituaren aburuz HGLren espiritua bikain laburbiltzen den. Italiarrak jolasa zein fantasia, eta garaiko beste egile batzuek –Christine Nöstlinger kasu– errealismo kritikoa ekarri zituzten haur literaturara. Nola liteke 1970ko hamarkadan haur literaturak zernahi gai lantzeko prismak egun baino azukre gutxiago izatea?

Jarraian, Ur Apalategik, 2011n, argitaratutako "Irakurzaletasuna hezkuntza sistemaren helburu" artikulua oinarri hartuta, irakurzaletasuna sustatzea nori dagokion galdetu zuen Gurrutxagak, eta, bide batez, literaturaren funtzioaz ere jardun zuen. Garai batean literatura eraikuntza nazionalerako erreminta bazen, egun plazerari lotzen zaio. Testuinguru horretan nola egin irakurketa plan nazional bat? Nori dagokio? Irakurzaletasunaren sustapena ez dagokio hezkuntzari bakarrik. Nolanahi ere, irakurzaletasuna transbertsala dela esan zuen, eta heziketa literariotik bereizi zuen, are gehiago, irakasle guztiak, ez soilik literatura irakasleak, ikasturtero testu jakin batzuk proposatzera derrigortuko lituzke Gurrutxagak. Derrigortu, hori ere aditz bihurria dela adierazi zuen, derrigortzea, oro har, ez baitago ongi ikusita garaiotan.

Irakurzaletasuna sormenarekin lotu zuen. Hain zuzen, irakurri aurretik egin daitezkeen ariketen adibideak eman zituen. Rodarik berak, OULIPO teknikak, Lorenzo Milanik edota Victor Morenok proposatutako errezetak ekarri zituen. Jakina, irakurzaletasuna liburu mota askorekin hauspotu daiteke, ez soilik literaturarekin, bestelako diziplinek emandako testuekin baita ere. Haur literaturaz ari gara, baina haurra ez da bat eta bakarra, haurraren gustuak eta zaletasunak ez dira homogeneoak. "Haurra ez da etorkizuneko heldua. Haurra, haurra da".

Heziketa literarioaz eta kanonaz mintzatu zen amaieran. Kanona maparekin alderatu zuen. Mapek lurrazala zehatz-mehatz islatzen ez duten bezala, kanonak ere ezin du lurralde literarioa irudikatu; hurbilketak dira, ontzat ematen diren artefaktuak dira, eta hautu ideologikoak barne biltzen dituzte ezinbestean. Korpus bat osatzeko "busti beharra dago", hots, aukeratu egin behar da, eta hautu horien atzean kanon pertsonala, eskolako kanona, literatura kanon nazionala eta gelako kanon informala egoteaz gain, ideologia, gurasoak, argitaletxeak, egungo "happykrazia" eta beste hamaika faktore daudela zioen Gurrutxagak.

Finean, adituak adierazi zuen irakurzaletasunaren eta heziketa literarioaren eremuan ere, gauzak ez direla diruditena eta bitartekariek hautu ugari egin behar dituztela. Askotan hala ez dirudien arren, hautu horien guztien azpian ideologia dago. Gelara liburu bat eraman aurretik, liburuaren ezaugarriak –objektu berarenak zein merkatu-objektuarenak– eta ezaugarri literarioak aztertzea eskatu zien. "Lokatzetan busti" eta agerian ez dagoen horren kontziente izatera bultzatu zituen ikasleak.

Gurrutxagak ikastaroaren bigarren blokeari amaiera eman zion. Datorren astean Yolanda Arrietak hasiera emango dio hasiera HGL generoen lehenengo blokeari.