Hemeroteka


Elkarbanatu
2021-03-18

HGL Eskolan ikastaroan hitza jolas Yolanda Arrietaren eskutik

HGL Eskolan ikastaroaren seigarren saioa egin dute gaur eta Yolanda Arrieta idazleak Ahozko generoen blokeari hasiera eman dio ahozko poesia eta kantuen gaia jorratu du. Izan ere, Arrietak eskarmentu handia du hitzen munduan eta trebea da haiekin denetarik egiten: idatzi, ahots goran irakurri, kontatu, kantatu, hitzak irudiekin lotu, musikarekin ezkondu, hitz berriak asmatu... HGL Eskolan egin duen saioan horixe bera erakutsi du: ahozko tradiziozko onomatopeiak ekarri ditu lehenengo, «funtsezkoak» baitira poesiarekin jolasteko. Ondoren, testu poetikoekin berotu du saioa, poema-jostalari motak erakutsi ditu eta hitzez eta hotsez bete du saioa, tradiziotik edaten duten makinatxo bat kanta abestu ditu, gorputza eragitekoak besteak beste.

Arlo teorikoari muzin egin gabe, Arrietak ahozko tradizioaren aurrekari handienak aurkeztu ditu eta gaur egunera arte etorri da euskal haur literaturaren izen esanguratsuenak aipatuta: Juan Kruz Igerabide, Joxan Ormazabal zena, Antton Kazabon, Miren Agur Meabe edota Leire Bilbao. Bide batez, maletan sartzeko moduko ezinbestekoak diren obrak gomendatu ditu.

Zer egin daiteke poesiarekin ikasgelan? Arrietak ohiko berbak gorputz adierazpenekin laguntzea aholkatu die ikasleei, diskurtsoa musikatzea, eguneroko gauzei bizia ematea arreta sortzeko eta hitzari berari bizia emateko. Finean, esan duenez, «hitza jolas bihurtzea da gakoa, hori baita literaturaren funtzioa».

Hurrengo saioa Yolanda Arrieta irakasleak eskainiko du, ahozkotasunean nahiz poesian sakondu eta kontaketara jauzi egingo du.