Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-06-04

HGL Eskolan hamabosgarren saioa: komikiak

Ekainarekin batera, HGL ESKOLAN ikastaroaren amaierara iritsi gara. Genero ikonografikoen azken saioa komikiari eskaini diogu eta bertan Iratxe Retolaza Gutierrez zein Amaia Serrano Mariezkurrenaren adituen irakurgai eta baliabideak izan ditugu eskura, azken irakasle honek saioaren gidari lanak egin baditu ere.

Amaia Serrano Mariezkurrenak (Donostia. 1984) EHUko Irakasle Eskolan egiten du lan. Irakaskuntza eta literatura dira bere bi lan-esparruak. Iaz aurkeztu zuen doktore tesia Memoria eta literaturari buruz. Heziketa literarioari lotutako hainbat ikastaro antolatu, koordinatu eta egin ditu, artikulu ugari idatzi ere, hemen adibide bat. Egun, besteak beste, Argia aldizkarian bere literatura-kritikak irakurri ditzakegu.

Ikastaroaren azken saioaren asmoa komikiaren adierazpideez jabetzea da; komiki-orriaren arkitektura, baita komikiak komunikazio literarioan trebatzeko eskaintzen dituen aukerak ezagutzea ere. Izan ere, irakasleek komikiak ulertzeko gakoak ezagutu eta ulertuz gero, errazago jarriko dituzte martxan komikien irakurketa sustatzeko ideiak.

Lehenik, Iratxe Retolazaren artikulu batzuei esker, euskal komikiaren begirada orokorra jaso dugu. Ondoren, Amaia Serranoren bideoak entzun eta ikusi ditugu komikiaren interpretazioan gaitzeko, komikiak berezko kodeak eta adierazpideak baititu.

Irakaslearen arabera, komikien hizkuntza ulertzen eta interpretatzen hasteko garai egokiena Lehen Hezkuntza da. Orduan hasiz gero, errazago ulertzen da Bigarren Hezkuntzan. Izan ere, komiki gehienek bigarren hezkuntzatik gorako irakurleei begira argitaratzen dira.

Komiki mutuak erakutsi dizkigu, komiki-zintak ere bai. Hizkuntzaren kokapenari buruzko hainbat adibide ikusi ditugu:  binetak, globoak, kartutxoak eta narratzaile mota desberdinak, onomatopeiak…Elementu horiek ezagutzera emateaz gain, irakasleak osagarri literarioak identifikatzeko adibide ugari eman digu. Esaterako, testuartekotasuna edo diziplinartekotasuna eta, aldi berean, atal bakoitzean egin daitezkeen ariketa edo jarduerak proposatu dizkigu.

Amaia Serranok eskola edo liburutegietan egin daitezkeen zenbait jarduera aletu ditu: komiki erakusketak, komiki gomendagarrien gidak edo lehiaketak. Adibide batzuk erakutsi dizkigu, baita sarean zer baliabide ditugun ere; esaterako, komikipedia egitasmo interesgarriaren berri eman digu.

Saioaren alderdi praktikoari dagokionez, honako hiru komikiak bereziki landu dira eta horien artean hautatzea eskatu zaie ikasleei ariketa egiterako orduan. Hain zuzen, alde ludikoa eta didaktikoa uztartuz, komikia interpretatzea eta jarduerak proposatzea dira ikasleei eskatu zaizkien eginkizunak.

  1. Miralles, Ana eta Ruiz, Emilio (2018): Waluk 2. Bidaia handia. Bilbo: Astiberri.  
  2. Antona, Nicolas eta Jacqminen, Nina (2018):  Elefantearen tristura. Urnieta: Harriet. Itzultzailea: Miel A. Elustondo.
  3. Rodriguez, Eider eta Ribas, Julen (2017): Santa Familia. Donostia: Ikastolen Elkartea.

Eta, horrela, modu bitxi eta ezohiko honetan, iritsi gara ikastaroaren amaierara. Pena handia izan da aurrez aurreko jardunaldiekin ezin jarraitu ahal izatea, bestelakoak bailirateke saio hauek guztiak elkarren arteko interakziorako aukera izan bagenu. Hala ere, Galtzagorri Elkarteak, bihotzez eskertu nahi dizue aste hauetan izan duzuen inplikazioa eta eskatutako lanak egiterakoan eskaini diezuen denbora eta jarri diezuen mimoa. Zinez eskertu nahi diegu, era berean, irakasleei beren saioak egokitzeko egin duten lan mardula.

Mila esker denoi, ez adiorik hurrengorarte baizik.