Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-10-30

Haur Literaturako gutxiengoak indartsu Santiagon

600 biltzarkideen artean, 9 Galtzagorriko kideak ziren. Beraz, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren ordezkaritza. Ordezkaritza anitza izan da gainera: Asun Agiriano, Arrasateko Haur Liburutegiko arduradun eta Galtzagorriko Lehendakaria; Belen Lucas ilustratzailea; Xabier Etxaniz, Unibertsitateko irakaslea; Juan Kruz Igerabide idazlea; Mariasun Landa idazlea; Xabier Olarra itzultzaile eta editorea; Marijose Olaziregi unibertsitateko irakaslea; Ruben Ruiz idazlea eta Itziar Zubizarreta idazle, irakasle eta ipuin kontalaria.

OEPLIren (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) ardura zen, IBBYko Espainiako adarra den neurrian, Biltzar hau antolatzea. Baina Galtzagorri ere antolatzaile lanetan aritu da, IBBYren euskal adarra den neurrian.

 

 

Entzun eta ikasitakoak

Egunero goizez bi hitzaldiz gozatu ahal izan genuen. Eta arratsaldez, mahai-inguru, tailer eta bestelako ekitaldi eta ikuskizunetaz. Honelako Biltzarretan gertatu ohi denez, hauetako zenbait interesgarriagoak ziren beste zenbait baino. Esaterako, guztiok utzi gintuen aho-zabalik Emilia Ferreiro psikolinguista argentinarrak emandako hitzaldiak. Haur pentsaeraren ikerlari sutsu honek sehaskako hizkuntza nabarmendu zuen, ama hitzkuntza terminoa alboratuz  eta, erakutsi, oraintxe hasiak gaudela sehaskako eleaniztasunari buruzko ikerketa soziolinguistikoa jorratzen.

Sehaska hizkuntzan haurrak alfabetatzeak munduko hainbat lekutan dituen zailtasunei buruz mintzatu zitzaigun: nola erakutsi sehaska hizkuntzan idazten haur bati irakasleek ere  ez badakite testu bat eraikitzen hizkuntza honetan? Hortik salto egin zuen eskolara eta nola eskolak historikoki nahastu dituen berdintasuna eta homogeneizazioa. Euskara ere aipatu zuen. Hizkuntzek, jazarpena jasanda ere, biziraun ohi dutela esan zuenean adibide gisa jarri baitzuen. Eskolak dibertsitatea abantaila pedagogiko bihurtu beharko lukeela zioen Ferreirok. Plazer hutsa izen zen hitzaldia entzutea.

       

 

Horrez gain, Biltzarreko egunetan entzundako hitzaldietan munduko hainbat hizkuntzetako Haur Literaturen egoeren berri jaso genuen. Besteak beste, Victor Montejo antropologiako irakasle maiak adibidez, maia hizkuntzan haur literatura plazaratzea lortzearen prozesuaz mintzatu zitzaigun. Guatemalatik alde egin behar izan zuen Montejok indigenen jazarpen garaian. Maia hizkuntza eskolan erabiltzea debekatuta zegoen orduan.

Gita Wolf-ek aldiz, Tara books argitaletxeak Indian egindako lana kontatu zigun. Artista tribal tradizionalek euren etxeko zoru eta paretak apaintzeko erabiltzen dituzten arte teknikak erabiliz ari da Tara argitaletxea haurrentzako album zoragarriak plazaratzen. Hitzaldiaren baitan artista tribal hauen hitzak eta irudiak biltzen zituen dokumentala ikusi ahal izan genuen.

Teresa Colomer aldiz, Haur Literaturak Literaturan orokorrean jasan behar izan duen  gutxiengo gisako tratamenduaz mintzatu zitzaigun. Afganistango haurrei ere eskaini zien tartea Biltzarrak. Mohammad Yousefek azaldu zuen zein proiektu garatzen ari diren bertan haurrei liburuak gerturatzeko.

Mahai-inguruen artean, bi aipatuko ditugu hemen. Baina esan gabe doa asko izan zirela eta horietako asko eta asko oso interesgarriak. Horietako bat Irakurtzeko zaletasunaren Sustapenerako eta Ikerketarako Zentroak zituen gai nagusi. Bertan, Carmen Barvo Kolonbiako Fundalecturako lehendakariak martxan dituzten egitasmoak azaldu zituen;  Jose Antonio Gomesek inmigranteen gutxiengoak eta irakurtzeko zaletasunaren sustapena Portugalen gaia landu zuen; Gemma Lluch-ek CERLALC sarean azken lau urteetan burutzen ari diren ikerketa baten berri eman zuen. Bertan, batez ere Hego Amerikan burutzen ari diren irakurketa eta sustapenerako zenbait proiekturen ildo nagusiak eta ondorioak ikertzen dabiltza. Michelle Petit, azkenik, Hego Amerikan burututako hainbat tailerretaz mintzatu zen. Besteak beste, kulturarekin eta irakurketarekin zerikusirik ez duten giro marginaletako pertsonak (delinkuenteak, drogomenpekotasunen bat dutenak, eta abar) nola irakurketara erakarri dituzten tailer hauen bidez azaldu zuen.

Beste mahai-inguru interesgarri batek honako izenburua zuen: "Neskatoak: gehiengoa edo gutxiengoa?". Mariasun Landak, Victoria Fernandezek eta Devika Rangacharik parte hartu zuten bertan. Bertan entzundako iritzi interesgarrien artean, bi aipatuko ditugu hemen: Victoria Fernandezek zioen Haur Literaturan emakumezko eredu baten sorrreraren hasieran gaude, baina ez omen dago orekarik ezta naturalitaterik ere pertsonaia femeninoen sorrera horretan. Izan ere, badirudi neskek liburu baten protagonista izatea merezi izateko mutilen ezaugarriak bete behar dituztela, hala nola, indar fisikoa, inteligentzia, anbizioa... eta hori guztia emakumezkoei egozten zaizkien berezko ezaugarriei uko egin gabe: sentsibilitatea, ontasuna eta abar. Beraz, "amatxo efikaz eta ulergarri batzuk dira neskato protagonista horiek".

Mariasun Landak aldiz zera zioen: arazoa gizartean eta Haur literaturan dagoela. Literatura egiteko garaian, idazlearen ikuspegitik alegia, emakumea eta feminista izanda ere, hori alde batera utzi behar dela. Ezin dela askatasunik gabe idatzi, "umeak ez direlako tontoak eta badakite noiz idazle bat ez den kikiltzen edo beldurtzen. Umeek hori nabaritu egiten dute".

 

 

Sari banaketak eta beste

kongresuak iraun zuen egunetan, ia-ia egunero goizetik gauerako programa itxi bat genuen. Gaua iristen zenean, izan ere, egunero genuen sari banaketaren bat edota ekitaldiren bat. Adibidez, hilaren 9an, IBBYren 2010eko Ohorezko Zerrendako diplomen banaketa gauzatu zen. Bertan ziren Ohorezko Zerrendan aurten agertzen diren Ruben Ruiz idazlea  ("Anekdotak" liburuarengatik) eta Xabier Olarra itzultzailea ("Hobbita" lanarengatik). Beraz, Patricia Aldana IBBYko lehendakariaren eskutik jaso ahal izan zituzten biek ala biek diploma bana.

       

 

Ostiralean Irakurketaren Sustapenerako 2010eko IBBY-Asahi sariak banatu ziren. Aurtengo irabazleak Ghanako Osu Children's Library Fund eta Kolonbiako Taller de Letras Jordi Sierra i Fabra Fundazioak ziren. Jordi Sierra i Fabra euskaraz, katalanez eta gailegoz mintzatu zen eskerrak ematerako garaian. Ghanako ordezkariak ingelesez hitz egin zuen, baina kantatzen ari zela zirudien.

Larunbat gauean berriz, Hans Christian Andersen Sarien irabazleen hitzaldi ederrak entzun ahal izan genituen. Erresuma Batuko David Almond idazlea eta Alemaniako Jutta Bauer ilustratzailea ziren irabazleak eta euren hitz eta irudiekin gozatu zituzten entzule guztiak. Ondoren, zortea izan zuen euskal ordezkaritzak: izan ere, juxtu lo egiten genuen hotelean bertan, kafetegian (zehatz esanda, erre zitekeen hoteleko leku bakarrean) egon ginen eurekin mahaia konpartitzen. Bai, bai, Almond eta Bauerrekin, argazkiak argi uzten duen moduan.

 

Erakusketak

Azkenik, aipatzea falta zaigu egun hauetan guztietan, Biltzarra lekutu den Jauregian bertan, erakusketa interesgarriez gozatu ahal izan dugula. Bata, "100dehoy" izenekoa, OEPLIk berak sortutakoa da, Kultura Ministerioaren laguntzarekin. Bertan, Espainiako Estatuko hizkuntza ezberdinetako Haur Literaturetako idazle eta ilustratzaileen lana ikusgai izan da. Euskarazko 6 idazleren lanak eta biografiak eta 8 ilustratzaileren lanak eta biografiak ere bertan ziren.

 

Bestalde, IBBYren Ohorezko Zerrendako hautagaien lanak ere ikusgai zeuden Jauregian, baita Andersen Sarietara aurkeztutako hautagaien lanak ere. Galiziako Haur Literaturako erakusketa bat ere paratu zuen Galix Elkarteak. Aspertzeko denbora gutxi izango dugu beraz. Baina gozatu egin dugu eta ikasi: gutxiengoengandik jaso dugu indarra lan egiten jarraitzeko.