Hemeroteka


Elkarbanatu
2017-12-15

Haur literatura aretoen zirkuitua abiatu du lehen aldiz Galtzagorrik Gipuzkoako lau herritako liburutegitan

Literatura Aretoak jolas literarioak dira: bertan haurrek modu aktibo batean hartzen dute parte, proposatzen diegun jolasean. Helburua haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzea da. Jolaserako aitzakia beti ere Haur Literatura baita. Diziplina artistiko desberdinak biltzen dituzte aretoek eta horregatik hauen sorreran alor desberdinetako profesionalek hartzen dute parte: musika, Arte Ederrak, diseinua, ikus-entzunezkoak, animazioa, antzerkia... egiten duten artisten lana biltzen dute. Hauetako bakoitzak gai zehatz bat jorratzen du, euskarazko Haur Literatura erabiliz.

 

“Adur, adur, ez naiz zure beldur” beldurraren aretoa, “Haur Poesia aretoa” haurrentzako poesiaren ingurukoa, “Itsaspeko Bihotzak” genero berdintasunari eta hezkidetzari eskainitakoa eta “Labirintoaren erbestean” abentura eta bidaiei buruzko Haur Literatura aretoa aukeratu ditu Galtzagorri Elkarteak lehendabiziko zirkuitu honetarako. Horietako bakoitza berritu eta birmoldatu ondoren, hamarna saio eskainiko dira, gutxienez, hauetako bakoitza paratuko den herri edo hiri bakoitzean, haur zein gazteentzako.

 

Ordizian hasi du “Jolasten Irakurzaletu Haur Literatura Aretoen zirkuituak” bere bidea. Bertako liburutegian dago urriaren 16tik “Haur Poesia Aretoa” eta urriaren 30a arte haurrei saio gidatuak eskaintzen dabil Galtzagorri Elkarteko dinamizatzaile bat.

 

Itziar Zubizarretak zuzendu eta Aitziber Alonso eta Elena Odriozolak diseinatutako areto honek lau zuhaitzez osatutako baso baten itxura du. Dinamizatzaileak gidatuta, 8 eta 11 urte bitarteko 25 haurrek osatutako taldeak baso horretan zehar ibilbide bat burutzen ari dira. Zuhaitz bakoitzaren azpian, dagokion poesia-jolasa gauzatzen dute, eta ondoren, bertako grabaketak entzuten dituzte, asmatu duten edo ez jakiteko. Horrez gain, Haur Poesia Aretoak bereziki beretzako sortuak izan diren CDa eta liburuxka dauzka. CD honek autore ezberdinen Euskal Haur Poesia bilduma bat jasotzen du, Joxean Ormazabalek eta Miren Agur Meabek errezitatuak eta egile ezberdinen musikaz lagunduta (Zuriñe Fernandez, Anton Larrauri, Amaraun, Fco de Medina). Koadernotxoan Itziar Zubizarretak egindako poema aukeraketa biltzen da.

 

Azaroaren 6tik 17ra Errenterira iritsiko da Haur Literatura Aretoen Zirkuitua. “Adur, adur, ez naiz zure beldur” beldurraren aretoa paratuko da bertako liburutegian. Juan Kruz Igerabidek idatzitako Jonas eta Hozkailu Beldurtia liburu ezagunean oinarritutako jolas literarioa da “Adur adur” aretoa bisitatzen duten haurrek egiten dutena. Itziar Zubizarretak zuzendu eta Aitziber Alonsok diseinatutako areto honek sukalde baten itxura du. Haurrak aretora iristen direnean Galtzagorriko begiraleak harrera egin ondoren, Galtzagorrik areto honetarako bereziki sortutako Jonasen Beldurra marrazki bizidunak (DVD-a) ikusiko dituzte. Jonasen istorioa ezagutu ondoren sukalde batera sartuko dira (Jonasen istorioa bere etxeko sukaldean gauzatzen baita) eta bertan, beldurraren aurpegi desberdinak ezagutuko dituzte. Horretarako, bost zentzumenak barneratzen dituzten dinamiketan parte hartuko dute.

 

Azaroaren 22tik 30era Andoainera iritsiko da zirkuitua, “Itsaspeko bihotzak” aretoarekin. Aitziber Alonsok, Mireia Delgadok eta Miren Guillok diseinatu eta zuzendutako areto honek irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, genero berdintasuna eta hezkidetza lantzea du helburu, euskarazko haur literatura oinarri hartuta. Areto honetan lehen aldiz 12-14 urte bitarteko gazteentzako saioak eskainiko dira Andoainen, 25 gazteez osatutako taldeentzako.

 

Itsaspeko bihotzak aretoan gauzatzen den ibilbide didaktikoa, itsaso batean kokaturik dauden bost gunetan oinarritzen da: itsasargia, itsaspekoa, irla, itsaspeko zinema… Gune bakoitzean lantzen den eduki ideologikoa, artearen bitartez egi bihurtzen da. Ilustrazio, artisau elementu eta liburuen bitartez lortzen da helburu hau eta, txoko bakoitzean, modu desberdinean egiten da edukiaren lanketa hori: ipuintxoak kontatuz, ikus-entzunezkoak ikusiz, abestitxoak kantatuz, jolasak eginez.

 

“Jolasten Irakurzaletu Haur Literatura Aretoen zirkuitua”ren azkeneko geldialdia Arrasaten izango da. Abenduaren 29tik aurrera “Labirintoaren Erbestean” areto ikusgarria paratuko da KulturAten. Labirinto izugarri bat da areto honen protagonista nagusia. Eta labirintoaren sinbologiaz baliatu gara bidaia iniziatiko bat edota abenturazko esperientzia bat haurrei proposatzeko. Itziar Zubizarretak zuzenduta, Aitziber Alonsok eta Miren Gonzalezek labirinto bat sortu zuten bidaia hori irudikatzeko. Ekintza honek elementu desberdinak elkartzen ditu eta bizi- esperientzia bat eskainiko die parte hartzen duten haur zein gazteei.

Migrazioen gaia landu nahi du “Labirintoaren erbestean” aretoak: eta horretarako, bertan, bost hiri ezberdin irudikatu zituzten egileek. Literaturaren aitzakia klasikoa erabili dugu eta bidaiekin zerikusia duten hainbat elementu sartu ditugu jolas honetan. Amandre ipuinetan, heroiak bere eguneroko bizitza utzi eta urrundu behar izaten du bizimodu berri baten bila. Bidaia hau arriskuz, oztopoz eta egoera harrigarriz beteta dago. Zailtasun hauek gainditu eta ipuinaren heroia hazi egingo da, emakume edota gizon heldu bilakatuko, bidai horretan bizitzari aurrez aurre begiratu diolako