Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-04-20

Haur Liburuaren Nazioarteko Egunerako ospakizunak

Noemi Villamuzak ilustratutako kartela eta Eliacer Cansinok idatzitako mezua dira aurten Haur Liburuaren egunaren ospakizunera atxiki direnek jasoko dituztenak. Euskarazko mezua Nagore Tolosa Ustoak itzuli du eta osorik irakurri ahal izango duzue hementxe bertan.

 

Apirilaren 2a da Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna, baina aurten Aste Santuarekin kointziditzen duenez, apirilaren 12an denek batera ekimenak antolatzeko deia zabaldu zuen Galtzagorrik orain aste batzuk. Erantzuna oparoa eta anitza izan da. Apirilaren 12an eta ondoko eta aurreko egunetan Haur Liburua protagonista izango duten hainbat ekimen antolatu baitira Euskal Herriko 29 herrietako liburutegi zein ikastetxeetan. Horiek aurten IBBYk plazaratu duen kartela jasoko dute, eta honen atzealdean euren izena agertuko da.

 

Denetik pixka bat

 

Esan dugu eskaintza oparoa izango dela aurtengo Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko prestatu den egitarauarena. Hona hemen Galtzagorrik deituta burutuko diren ekintzetako batzuk:

 

-Kamishibai ikuskizunak antolatu dituzte adibidez Abusun eta Donostian. Abusuko Udal Bibliotekak apirilaren 12an, arratsaldeko 18:00etan egingo du saioa. Donostiako Liburutegi Nagusiko Haur Sailak ere egun eta ordu berean Lamiak Taldearen 3-5 urte bitarteko haurrentzako kamishibaia prestatu du.

 

-Ikastaro eta hitzaldiak ere burutuko dira. Donostian adibidez, Kamishibaiaz gain, apirilaren 14tik 16ra Juan Karlos Alonsok "Irakurzaletasuna sustatuz" ikastaroa eskainiko du. Ikastaroaren baitan Haur Liburuaren Nazioarteko Eguneko mezua irakurriko da.

Eibargo Juan San Martin liburutegian, berriz, Txabi Arnalek "Tabuak haur literaturan" izeneko hitzaldia emango du apirilaren 12an, 17:30etan. Eta gai honi buruzko liburu gida bat ere plazaratuko dute.

 

-Erakusketak eta liburu gidak ere prestatu dira ospakizunerako. Mungiako Legardalde Herri Eskolak esaterako, 3D liburu ikusgarrien erakusketa prestatuko du. Eskola berean, 3 urteko haurrak gonbidatuko dituzte eskola liburutegia ezagutzera eta bertan ipuina kontatuko die liburuzainak.

 

Gasteizko Ignacio Aldekoa Kulturetxean 0-12 urte bitarteko haurrentzako liburuekin gida bat prestatuko dute eta liburu horiekin erakusketa bat egingo dute.

 

Eta Beasainen, Udal Bibliotekan Hans Christian Andersenen bibliografian oinarritutako erakusketa paratuko dute.

 

-Kontaketak, ikuskizunak eta tailerrak ere egingo dira nonahi. Adibidez, Bilboko Begoñako eta Deustuko liburutegietan apirilaren 12an 18:00etan manifestua irakurriko da. Honen ondoren, Deustuko liburutegian ipuin kontaketa saioa egingo da.

 

Iurretako liburutegian ere Haur Liburuaren Eguna baino lehen, martxoaren 22tik 26ra ilustrazio tailerra egingo dute. Andersenen Ahatetxo Itsusia ipuinaren bertsio berri bat egingo dute Iurretako ikastetxeko haurrek. Eta apirilaren 16an Alaitz Murok ipuin kontaketa saioa eskainiko du.

 

Zumarragako liburutegian berriz, apirilaren 12an 18:00etan Maite Arresek ipuin-kontu-kontaketa eskainiko du. Ipuin kontaketa honetan antzerki munduko txotxongilo eta beste objektu batzuk erabiliko ditu 4-9 urte bitarteko haurrentzako eskainiko duen ikuskizunean.

Azkoitiko Aizkibel Liburutegian mitologiari eskainitako ikuskizuna antolatu dute martxoaren 27rako.

Beasainen ere, apirilaren 14an Maite Frankok ipuin kontaketa emango du.

 

Eta oraindik ere zehaztu gabe dauden arren, ipuin kontaketa saioak burutuko dira baita ere Leitzan, Seguran eta Elorrion; irakurketa ozenak burutuko dira Orioko Zaragueta ikastetxean eta ikuskizun bat eskainiko da Andoaingo Udal Liburutegian eguerdiko 12:00etan.