Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-07-30

Haur eta gazte literaturari buruzko ikerketa eta analisiak

Xabier Etxaniz Erle idazleak argitalpenen kalitatea azpimarratu du Anuario del Libro Infantil y Juvenil urtekarirako idatzitako analisian. Bertan, besteak beste, 2010eko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria (Ruben Ruizek idatzi eta Eider Eibarrek ilustratuako Anekdotak liburua), nahiz ETBk eskaintzen duen Ipupomamua saioa aipatzen ditu kalitatea eta berrikuntzaren adibide gisa. Horrez gain, Etxepare beka sari bihurtzeak euskarazko Haur eta Gazte Literaturan hutsune bat -euskaraz sortutako albumena- beteko duela dio Erlek. Eusko Jaurlaritzan izandako gobernu aldaketak euskarazko Haur eta Gazte Literaturan hainbat aldaketa ekarri dituela ere aipatzen du.

Bestalde, Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak egindako neurketaren arabera, euskarazko Haur eta Gazte Literatur produkzioak gora egin du azken bi urteetan. 2008an 67 lan argitaratu ziren, eta 88, berriz, 2009an, eta iaz izan zen hamarkadako urterik oparoena; 94 lan argitaratu ziren. Inoiz baino gehiago.

Neurketa horren parte diren hainbat liburu Red de Selección de Libros Infantiles y Juveniles sareak argitaratutako 2009-2010eko liburu hautatuen katalogoan daude. Izan ere, bertan, 2009ko irailaren 1etik 2010eko abuztuaren 31ra euskaraz (11), gaztelaniaz (62), katalanez (25) eta galegoz (23) argitaratuako liburuen artean Sareak hautatutako zerrenda dator; 3 eta 15 urte bitarteko haurrei zuzendutako liburuen zerrenda elektronikoa, hain zuzen.