Udako unibertsitatean haur eta gazte literaturak izango du tokia. Hain justu, Mariasun Landak irakurzaletasuna sormenarekin lotuko ditu uztailaren 15etik 17ra EHUko Udako Ikastaroetan. Izen-emate zabalik dago eta 30 orduko balio akademikoa du. Idazleak Italo Calvinoren Se una notte d'inverno un viaggiatore eleberritik hartu du ikastaroaren izena: Udako goiz batean literaturzale bat… Sorkuntza literarioaren abenturaz. Ikastaroaren helburua ikasleei literatur komunikazioaren bilatzen laguntzea da, hain beharrezkoa den istorioak asmatzera, irudikatzera eta kontatzera motibatzea. Narrazioak idazteko arteak asko du ofizioz, ez da jaiotzean jasotzen dugun dohaina soilik. Helburua zabala izango da: idazteko desira piztea, lo edo erdi lo dagoen irudimena xaxatzea, erresistentziak, beldurrak… biguntzen hastea. Gure baitan badago istorioak asmatzeko, imajinatzeko behar bat, barneko ate zein leihoak irekitzekoa, fikzio literarioak erraztu eta aprendizaiak laguntzen duena gauzatzen.
Bestetik, UEUren udako eskaintzaren barruan, Mirentxu Ibargarai Seaskako Pedagogia arduradunak Euskara eta literatura, programaketatik ikasgelara ikastaroa egingo du uztailaren 8an, 08:00etatik 17:00etara, Baionako Bernat Etxepare Lizeoan. Matrikula egiteko aukera dago uztailaren 5era arte. Jardunaldian euskara programaketaren ikasgelaratzean ezarri nahi dute argia. Hain zuzen, teoriatik praktikara egin nahi dute jauzia. Euskara eta euskal literatura ikasgeletan lantzeko baliabide eta ariketa zehatzak proposatuko dituzte, sare ezberdinetako euskara irakasle guztiei erabilgarri izango zaizkienak.
Antzerkiak tokia izango du ikastaroetan, eta GORA TELOIA! Antzerkia ikastetxeetan egiteko gida Aizpea Goenagak zuzendutako ikastaroa egingo dute. Ikastetxeetan edo neska mutilekin lanean ari diren irakasle edo monitoreei antzerkia erabiltzeko tresnak eskaini nahi dizkiete, antzerkia modu baikor eta baliogarrian egin dezaten. Antzerki eta hezkuntza alorrean eskarmentua duten profesionalen eskutik haien esperientziak partekatuko dituzte.