Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-07-20

Haur eta Gazte Literaturako White Ravens Festival jaialdia egingo da lehenengo aldiz Munichen

Urtean ia 40.000 bisitari jasotzen ditu Municheko Nazioarteko Haur Liburutegiak antolatzen dituen erakusketa eta ekimenetan. Horregatik, leku paregabea da Haur eta Gazte Literaturako Jaialdia antolatzeko. Mundu guztiko egile eta ilustratzaileak izango dira ekitaldian beraien azken liburuetako irakurketak eginez, tailerrak burutuz, euren lan egiteko modua azalduz...

 

Guztira, 13 izango dira parte hartuko duten egileak: Michael Gerard Bauer (Australia), John Green (AEB), Beate Teresa Hanika (Alemania), Grzegorz Kasdepke (Polonia), Joseph Lemasolai Lekuton (Kenia), Paul Maar (Alemania), Ali Mitgutsch (Alemania), Marie-Aude Murail (Frantzia), Maria Parr (Norvegia), Luis María Pescetti (Argentina), Alois Prinz (Alemania), Susanne StraBer (Alemania) eta Toon Tellegen (Herbehereak)

Jaialdia batez ere Municheko Liburutegian egingo da, baina horrez gain Bavarian zehar barreiatutako kultur gune, eskola eta liburutegietan ere arituko dira ekimenak eskaintzen gonbidatutako autore eta ilustratzaileak.

 

 

White Ravens izendapena

Municheko Liburutegiak eskaintzen duen izendapena da White Ravens. Itzultzekotan, "bele zuri" bezala itzuliko genuke, eta beraz, izaki berezi bati egiten dio erreferentzia. Dena den, izendapen hau ezaguna da munduan zehar, izan ere, oso prestigio ona du.

Izendapen hau urtero ematen diete  Haur eta Gazte Literaturaren esparruan mundu mailan azpimarragarrienak diren lanei. Adibidez, 2010eko White Ravens izendapena 250 izenburuk jaso dute. 33 hizkuntzatan idatzitako lanak dira eta 49 herrialdeetakoak. Espainiako gaztelaniazko lanez gain, katalanezko eta gailegozko lanak ere badaude zerrenda horretan.  Euskarazkorik ez, oraingoz. 2001ean ordea, Mariasun Landaren Elefante Txori-bihotzak jaso zuen izendapen hau.

Aurreko urteetan izendatuak izan diren lanetako batzuren berri, blog honetan aurkitu duzu.